Athleticek 3-0 jipoitu dau Almeria bariku honetan, EA Sports Ligako bederatzigarren jardunaldiaren hasierean, San Mamesen bere indar guztia berreskuratuz, Realaren aurkako derbian porrot gogorra jaso eta etxean Getaferen aurka bardindu ondoren.
Ernesto Valverderen taldeak beharrezko hiru puntuak lortu ebazan, joan dan zapatuan Donostiatik 3-0 batekin zaurituta egon eta gero. Katedralaren gotorlekua nahitaezkoa zan lehoientzat, zaleekiko zorretan gainera, eta krisian egoan Almeria azken sailkatuak jipoi batekin ordaindu dauz plater hautsiak.
Lehoiek hasieratik saiatu dira eta 10. minutuan Gorka Guruzetak 1-0ekoa egin dau, defentsari lekua ondo irabaziz eta Yuriren gol pase eder baten ostean. Handik gitxira, Ander Herrerak burukada bat zutoinera bidali dau eta Sancet golaren inguruan ibili da. Azpimarratzekoa benetan azken hiru honeen partidua: Yuri oso sakon aurrean eta sendo defentsan, Ander Herrera fisikoki ondo eta taldea antolatzen, eta Oihan Sancet taldearen izar moduz gura dauana egiten.
Andaluziarrek burua altzau eben, baina atzean partidua bukatu jaken. Dani Garciak lehenengo gola sartu eban Athleticeko kamisetagaz 7 urte eta gero, eta San Mamesek behin betiko orroa egin eban hirugarrenagaz, 81ean bere saria lortu eban Sancet baten oinetan. Athleticek penaltia eskatu eban Nico Williamsi egindako penalti argi baten ostean eta etxekoek beste golen bat parkatu eben azken txanpan, Villalibre, Munian eta Nico Williamsen oinetan.
Azpimarratzekoa be azkeneko minutuetan Beñat Pradosek eta Unai Gomezek sortutako bikotea zelai erdian, itxura ona daukie lehoikume biek.
Valverderen mutilak holan miazkatu ditue zauriak eta, Getaferen aurkako bardinketaren ondoren, barriro hiruna lortu ditue etxean. Txapeldunen ligako postuetan lo egingo dabe, 4garren postuan hain zuzen be, eta jardunaldia gitxienez 5garren postuan amaituko dabe.
Orain nazinoarteko atsedenaldia izango dabe, non Oihan Sancet, Williams anaiak eta Unai Simon Lezamatik kanpo egongo dira.
Hurrengo partidua: Urriak 22, domekan, Bartzelonaren zelaian.