Galdakaok perretxikoen eta onddoen mundua ezagutzeko hitzordua dauka urriaren 29an, 31n eta zemendiaren 1ean. Peña Santa Cruz alkarteak antolatutako 58. Jardunaldi Mikologikoek hainbat jarduera eskainiko dabez: erakusketak, lehiaketa gastronomikoa, gazteentzako txangoa eta showcooking saioa, besteak beste. Galdakaoko Udalaren babesa daukan ekimen honek, mikologiarekiko zaletasuna sustatzea eta ezagutza belaunaldi barriei transmititzea daukaz helburu.
Peña Santa Cruz alkarteak hamarkada asko daroaz Galdakaon mikologia sustatzen. Orain dala urte batzuk perretxiko lehiaketa xume moduan hasi zana, erreferentziazko hitzordu bihurtu da herrian. Aurtengo egitaraua aurkezteko agerraldian, Iñigo Arriandiaga alkateak alkarteak herriko kultur bizitzan daukan garrantzia azpimarratu dau: “eragile historikoa eta kultur erreferentea da herrian; 60 urte baino gehiago daroaz herriaren aldeko lana egiten, eta hori oso aberasgarria eta pozgarria da”. Alkatearen esanetan, jardunaldiek mikologiarekiko zaletasuna hurrengo belaunaldiei transmititzeko balio dabe. Horregaitik, haurrei eta gazteei zuzendutako jardueren garrantzia nabarmendu dau.
Gazteak eta gastronomia, egitarauaren ardatzeko batzuk
Alfonso Requerok, jardunaldietako koordinatzaileak, egitarauaren nondik norakoak azaldu dauz, eta ekimenean laguntzen daben eragileen lana eskertu dau. Besteak beste, Andra Mari Dantza Taldea, Da Capo Musika Banda eta Andra Mari eta Aretxondo jatetxeak aipatu dauz.
Gazteei zuzendutako jarduerak leku berezia izango dau aurtengo egitarauan. Urriaren 31n, zapatuan, Dimara txangoa egingo dabe, eta bildutako perretxikoak eta onddoak sailkatuko dabez ostean. Requeroren esanetan, mikologia ezagutzeko denbora hartu behar da, espezieen formak, koloreak eta ezaugarriak arretaz aztertuz.
Gastronomiak be protagonismoa izango dau. Urriaren 29an, eguenean, Josemi Olazabalaga sukaldariak showcooking saioa eskainiko dau Torrezabal Kultur Etxean, Andra Mari jatetxeko Estibaliz Fernandezegaz eta Aretxondoko Jose Luis Redondogaz batera.
Zemendiaren 1ean, domekan, izango da 58. Jardunaldi Mikologikoen egun nagusia. Perretxiko erakusketaz eta argazki erakusketaz gain, lehiaketa gastronomikoa egingo dabe, eta udal musika bandaren emonaldia eta pintxo solidarioa be izango dira.
58. Jardunaldi Mikologikoetako egitaraua
Urriak 29, eguena
- Showcooking saioa: 19:00etan, Torrezabal Kultur Etxean. Josemi Olazabalaga sukaldariak hartuko dau parte, Andra Mari jatetxeko Estibaliz Fernandezegaz eta Aretxondoko Jose Luis Redondogaz batera.
Urriak 31, zapatua
- Perretxikotan basora: 08:30etik 14:00etara. Peña Santa Cruz alkartearen egoitzatik abiatuko dira, Kurtzeko plazatik. Gazteei zuzendutako txangoaren ostean, bildutako perretxiko eta onddoak sailkatuko dabez.
Zemendiak 1, domekea
- Argazki erakusketea: 10:00etatik 13:30era, Gandasegi ikastetxeko arkupetan.
- Lehiaketa gastronomikoa: 11:00etatik 13:30era, Gandasegi LH ikastetxean. Ostalaritza-eskolei, txokoei, alkarteei eta norbanakoei zuzenduta dago.
- Perretxiko erakusketea: 10:00etatik 13:30era, Kurtzeko plazan.
- Eskolarteko perretxiko lehiaketea: Kurtzeko plazan.
- Pintxo solidarioa: Kurtzeko plazan, hiru euroren truke perretxikoa, txistorra eta edaria.
- Udal musika bandaren emonaldia.