Euskal Selekzioa eta Venezuelako selekzio nazionalaren arteko partidua jokatuko da datorren azaroaren 14an San Mamesen iluntzeko 20.00etatik aurrera. Hitzordu hau Lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatzeko ekitaldien egitarauaren barruan dago, eta gizarte biren arteko harremanak sendotzeko aukera izan gure dau. Bi gizarte horreek trukeen, migrazioen, harreraren eta kultura-loturen historia luze batek batzen ditu. Partiduak hainbat belaunalditako pertsonak futbolaren inguruan elkartzea dau helburu, eta Euskal Selekzioa herrien arteko topagune be izan daitekeela erakustea. Ganera, Euskal Selekzioaren aro barriaren lehen ekitaldi publiko handietako bat izango da. Etapa barri horrek euskal gizarte osoarekiko lotura sendotu eta identifikazioa, parte-hartzea eta kidetasun-sentimendua sustatzeko gaitasuna handitu nahi ditu. Batasuna dau ardatz etapa barri horren kontakizunak; izan be, futbola kirol bat baino askoz gehiago izan daiteke: elkar aurkitzeko gune bihurtu daiteke.
Ozeanoak zeharkatzen dabezan istorioek batutako herri bi
Euskal Selekzioaren eta Venezuelaren arteko norgehiagokak lurralde biak lotzen dabezan giza harremanak aitortzeko aukerea be eskaintzen dau. Ozeanoa zeharkatu daben pertsonen istorioak dira, Euskadin beren bizitza eraikitzeko lekua aurkitu dabenak eta jatorrizko lurrekiko loturak bizirik mantendu dabezanak. Ibilbide ezbardin horreek identitateaz, bizikidetzaz eta distantziak gorabehera elkarrengana hurbil gaitzakeen guztiari buruz hitz egiten deuskue. Historia partekatu horrek beste dimentsio bat hartu eban XX. mendean, Venezuelak Espainiako Gerra Zibilean eta ondorengo diktadura frankistan Euskaditik alde egin behar izan eben euskal herritarrak hartu ebazanean. Diasporak jatorrizko lurrarekiko loturak mantentzen lagundu eban, eta gaur egunera arte iraun dauen harremana sendotu eban.
Lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrenaren urteko topaketa
Partidua 1936an José Antonio Agirre buru izan eban lehen Eusko Jaurlaritzaren eraketaren 90. urteurrenaren barruan be kokatzen da. 1937an, Agirrek Euzkadiko selekzioa sustatu eban. Selekzio harek hainbat partidu jokatu ebazan Europan eta Amerikan, indar frankistek boterea hartu ondoren herrialdeak bizi eban egoera politikoa ezagutarazteko. Federakundeak hitzordu hau kirol-emaitzatik harago joatea nahi dau, Venezuelako euskal diasporaren ibilbidea aitortuz eta kirolak topagune eta bizikidetzarako espazio gisa daukan zeregina nabarmenduz. Euskal Selekzioak partidu hau larogeta hamar minutu baino gehiago partekatzeko gonbidapena izatea gura dau: identitate ireki bat partekatzeko gonbidapena, Euskadiren parte diran pertsonen eta istorioen aniztasunetik eraikia. Izan be, ez da beharrezkoa futbola pasio izatea ordezkatzen dauen horren parte sentitzeko. Azaroaren 14ko norgehiagokak selekzioa jarraitzen dabenak, belaunaldiz belaunaldi selekzioarekin egon diranak eta selekzioan lurralde honekin lotura izateko modu bat aurkitzen dabenak alkartzea dau helburu.