Zuazok garaipena bilatuko dau Pozuelo Calatravaren kantxan

Joseba Rodriguezen neskak bueltan dira, liga txapelketako etenaldiaren ostean
Zuazoko jokalariak zapatuan jokatuko dabe Pozuelo Calatravaren kontra / Zuazo Eskubaloi Taldea

Aste batzuetako geldialdiaren ostean, Emakumezkoen Urrezko Ohorezko maila bueltan da. Guerreras Iberdrola Ligara itzuli nahi dauan denporaldi honetan, Zuazok Gaztela-Mantxan jokatuko dau zapatuan (18:00etan) Pozuelo Calatrava taldearen kontra. Pozuelo Calatrava sailkapeneko behekaldean sartuta egon arren, edozein aurkari arriskuan jartzeko moduko ofizioa dauka, eta etxean jokatuko dau, ganera.

Joseba Rodríguez Zuazoko entrenatzaileak kezkatuta dago Pozuelo Calatravaren azken aldiko errendimenduagaz. “Gabonetako geldialdira partidu hau irabazita iritsi behar gara, sailkapeneko goiko aldean egoteko eta txapelketako lehenengo itzulia ondo amaitzeko. Nahiz eta aurkaria beheko aldean sailkatuta egon, orain dala gitxi partidu on bi egin dauz Morvedre eta Cicar Lanzarote moduko talde indartsuen kontra, eta, ganera, presinoa egiten dauan harmaila batek lagunduta, Pozuelo Calatrava partiduak arriskuan jartzeko gai da. Aurreko denporaldian be paper ona egin eben eta jokalari garrantzitsuak galdu arren ofizioa erakusten dabe”, ohartarazo dau entrenatzaile zuazotarrak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular