‘Andrazkoak Bizkaian’ jardunaldiak gaur hasita Bizkaiko Batzar Nagusietan

Gaurko saioan Miriam Alzuri, Miren Arzallus, Virginia Knörr eta Isabel Urrutiak parte hartuko dabe

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak (RSBAP-EAE) Bizkaiko Batzar Nagusiakaz batera antolatzen dau Andrazkoak Bizkaian jardunaldiak. Emakumeen arazoetan eta gizartean daukien rolean sakondu gura daben jardunaldien laugarren edizinoa egingo da hileon. Ibilbide profesional autortua daukien emakumeen ahotsen bitartez, andrazkoen aurrerapenak, gainditzeko dagozan erronkak eta aukera barriak erakustea da helburua. Emakumeen eretxiak mahai-inguruen bitartez entzun ahal izango dira zezeileko lau martitzenetan Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan, Bilbon.

Andrazkoan Bizkaian jardunaldien aurtengo edizinoa epigrafe honegaz programau da: ‘Etorkizuna eraikitzen. Partekatzeko erretratuak: sormena eta berrikuntza, enpresa- eta gizarte-balioak, emakume kontsulak Bilboko Kontsulen Kidegoaren mendeurrenean (1924-2024)’. Begoña Cavak antolatutako eta Ricardo Franco eta José Luis Neyrogaz batera berak moderatutako lau saioetan zehar, hizlari talde bikaian batuko da. Horreen artean, artea, moda, komunikazinoa eta publizidadea, musikea, enpresa-barrikuntza, antzerkia, arkitektura, politika eta bestelako arloetan ibilbide sozio-profesional autortua daukien emakumeak dagoz.

Lehenengo saioa gaur izango da, eta sormena izango da argudio nagusia. Miriam Alzuri, Miren Arzallus, Birginia Knörr eta Isabel Urrutiak parte hartuko dabe.

Jardunaldiak gaur inaugurauko dabez, 18:00etan, Bizkaiko Batzar Nagusien lehendakariak, Ana Otaduik, eta RSBAP-EAEren zuzendariak, Amelia Baldeónek. Ganerako hiru saioak ordu berean eta leku berean (Hurtado de Amezaga, 6, etxabea) izango dira, zezeileko beste martitzenetan -hile honen 13, 20 eta 27an-. Sarrerea librea eta doakoa izango da, aretoa bete arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00