Lehoiek bigarren euskal derbia irabazi dabe, Oihan Sanceten partidu ezinhobeagaz

20 urte geroago, Athleticek Gasteizen irabazi dau Alavesen aurkako derbia
Oihan Sancet, Mendizorrotzan lortutako bigarren gola ospatzen / Athletic Club

20 urte geroago, Athleticek Gasteizen irabazi dau Alavesen aurkako derbia. Lehoiak jaun eta jabe izan ziran partiduan zehar, eta Iñaki Williams eta Oihan Sanceten gol birekin bigarren garaipena jarraian eta laugarrena sei partidutan lortu dabe. Gainera, atea barriro be hutsik itxi dabe. Derbia erritmo handi batekin hasi da, baina joku gitxirekin. Athletic gero eta sendoago egon da zelaian, eta 20.minutuan, Mikel Vesgak sekulako pasea emon deutso Iñaki Williamseri area barruan Siveraren aurka jartzeko, eta aurrelariak ez dau parkatu. Lehen jaurtiketan lehoiak aurretik jarri dira. Hortik aurrera, Oihan Sancetek partiduaren agindupea hartu dau eta Alavesek ez dau baloirik ikutu atsedenaldirarte.

Bigarren zatian, partiduak gidoi bardina eukin dau. Lehoiak bigarrenaren bila atara dira, Alaves koldar eta futbol bako baten aurrean. Kontraeraso batean, Athleticek bigarren gola sartu dau Sanceten bitartez, markagailuan 0-2koa ipinteko. Hortik aurrera Athleticek partidua moteldu dau, eta Alavesek ezin izan dau aukera garbirik sortu, nahiz eta Samu birritan zorian egon. Azpimarratu behar da Unai Simonek birritan Kike Garciari egindako geldiketeak; maila gorena erakutsi dau atezain arabarrak. Beraz, Athleticek beste astegoien batez Txapeldunen Ligako postuetan lo egingo dau, sentsazino ezinhobeakaz. Albiste txar bakarra Ruiz de Galarretaren lesinoa izan da. Athleticek luzatutako mediku-txostenaren arabera ezker hankako triceps suralean giharretako lesino bat dauka. Garaipenaren ostean lehoiak Getaferen aurkako partidua prestetan hasiko dira, eguaztenean izango da San Mamesen arratsaldeko 19.00etatik aurrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular