Athletic Sevillako finalean izango da (3-0)

Azkenengo 16 Errege Kopetako sei finaletara heldu dira zuri-gorriak
Nico Williams bere gola ospatzen / Athletic Club

Athletic apirilaren 6an Sevillako Cartuja zelaian jokatuko dan Errege Kopako finalean izango da, Atletico Madril sufrimendu barik 3-0 mendean hartu eta gero. Aurtengoa Errege Kopako seigarren finala izango da Athleticentzat azkenengo 16 urteetan. Txapelketan jokatutako azkenengo sei finalak galdu eta gero, 1984tik irabazten ez dauan kopa eskuratzeko aukera eukiko dau Athleticek Mallorcaren kontra.

Partiduko lehenengo minutuetan Atletico Madril ondo urten da zelaira eta Athleticen area zonaldean euki dau jabetza. Halanda be, 13. minutuan goitik behera aldatu dau Athleticek partiduaren gidoia, Iñaki Williamsek sartutako golari esker. Gola eta gero, Athletic nagusi izan da zelaian, eta 42. minutuan Nico Williamsek zuri-gorrien bigarren gola eskuratu dau. Lehenengo gol bietan Williams anai bakotxak gol bat sartu eta asistentzia bat emon dau.

Beraz, Athleticek kanporaketa ia erabagita itxi dau atsedenaldirako. Gainera, bigarren zatia hasi eta berehala, talde bizkaitarrak hiru gol aukera euki ditu, argiena Oihan Sancetek area barruan egindako jaurtiketa bat izanda. Atletico Madrilen atera hainbat biderrez hurreratu eta gero, Gorka Guruzetak Athleticen hirugarren gola lortu dau, 61. minutuan. Ostean, festa lehertu da San Mamesen eta zaleak finalerako pasea ospatzen ibili dira partiduko azkenengo ordu erdian.

Jokalariek, dana dala, ez dabe izango ospatzeko denpora askorik. Izan be, Bartzelonaren aurka arituko dira lehoiak domeka gauean San Mamesen. Bartzelonaren kontrako norgehiagoka eta gero, liga txapelketako beste hiru partidu izango dira finala heldu aurretik: Las Palmas, Alaves eta Real Madril. Beraz, martiaren azkenengo egunean Santiago Bernabeun jokatutako partiduaren ostean, helduko da Errege Kopako final handia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00