Bizkaia Irratia

Irratiaren egunean hil da Juan Mari Iraolagoitia, Bizkaia Irratiko lehenengo zuzendaria

Bilbo Herri Irratiko euskerazko emisinoen ardurea hartu eban eta Bizkaia Irratia sortu zanean bera izan zan lehenengo zuzendaria
Juan Mari Iraolagoitia / Bizkaia Irratia

Hogetamar urte inguru egin zituan irratigintzan Juan Mari Iraolagoitiak, 1973an Herri Irratiko euskerazko emisinoen ardurea hartu ebanetik. Garai haretan bera irakaslea zan eta Julian Olazabalagak egin eutsan proposamena. Baietza emon eutsan Juan Marik eta Olazabalagak Loiolara bialdu eban hamabost bat egunerako ikastera. Bertan ezagutu zituan Iriondo, Karmelo Otaegi, Otermin eta abar. Hango egotaldia eginda Bilbora etorri zan eta Radio Popular de Bilbao-Herri Irratian bera egoan bakarrik euskeraz lan egiteko, nahiz eta aurrekoetatik pare bat euskaldun egon. Ondoren lokutorea aukeratu eben, Inma Gallastegi, gero bere emaztea izango zana. 1973ko urrian ekin eutsien euskerazko irratsaioei. Eurak ziran aurkezleak, baina herrietan zehar barriemoile sare zabala eukien. Ordukoa lan gogorra zala inoan, gaur egun pentsau ezinekoa, oztopo ugari egoalako. Teknologia aldetik ez egoan erreztasunik eta gainera zentsureari aurre egin behar jakon. Gaztelerazko iturrietatik hartzen zituen albisteak, egunkarietatik gehienbat, eta euskeratu egiten zituen. Ondoren laburpen bat prestatu behar eben gazteleraz Información y Turismo bulegora bialtzeko, emitiduteko baimena jasoteko. Bost orduko lana egin behar eben ordubeterako. Handik urte batzuetara sortu zan Bizkaia Irratia, 1990ean, era vera izan zan lehenengo zuzendaria.

Juan Marik inoan jenteagaz zorte itzela euki ebala, bai barriemoileekin eta bai ostean lanera joandakoekin be: Adolfo Arejita, Angel Mari Unzueta, Eguzki, Etxe, Sabin Barruetabeña, Pedro Mari Goikoetxea eta abar. Eurek guztiek Juan Mari Iraolagoitiaren doiak goraitatzen ditue. Arduradun eta laguntzat joten dabe.

Fededuna, taldegizona, oso langilea eta euskerazalea

Estimu handian eukien eta daukie beragaz lan egindako guztiek. Angel Mari Unzueta zana ia hasieratik egon zan beragaz irratian, eta berak esaten eban Juan Mari eleizearena zalako egon zala Bizkaia Irratian. Fededun zintzoa zala, eleizea maite ebala eta hobetzen be ahalegindu zala. Hobetzeko moduetariko bat euskerea indartzea zala ikusten ebala, eta horretan ahalegindu zala. Bizkaia Irratia eleizearena izan ez balitz, segurutik ez zala egongo bertan.  Taldegizona izatea be nabarmentzen eban Unzuetak, eta bere karismea ixilean lan egitea, jentea alkartzea eta ekipoa egitea zala. Oso langilea izatea zan bere beste ezaugarrietariko bat, beharrean guztia emoten ebana, eta dana emon eban irratiaren alde

Herri Irratiko euskerazko emisinoen garaietan beragaz lan egindakoek dinoe errespetu handiko gizona zala, oso arduratsua. Euskereari kategoria emoten ahalegintzen zala, berbetearen erabileran zein irratiko programazinoan, euskeraz saio duinak eginda. Ez eban euskeraz edozer egin gura, kategoriako saioak baino. Lankideei be lantzean lantzean eskatzen eutsiezan euren ekarpenak, irratsaio barriak eta beste era batekoak egin ahal izateko. Aholku emoilea zala, baina ganean egon barik eta askatasuna emonda. Zuzendaria bai, baina laguna be bazala Juan Mari.

Holantxerik dabe gogoan Bizkaia Irratian geroago lan egindako belaunaldiek be: behargina, zehatza, errespetu handikoa, fede sakonekoa, euskerazalea, umoretsua, langileekin arduratsua eta beti edozertan laguntzeko prest egoana. Irratia itzi eta gero be beti egon da presente Bizkaia Irratian, eta gerora be egongo da. Goian bego Juan Mari Iraolagoitia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular