Athleticek Álvaro Djaló fitxau dau bost denboraldirako

Jokalariak 14 gol sartu ditu dagoeneko aurtengo denboraldian

Athleticek Álvaro Djaló jokalaria fitxau dau bost denboraldirako, SC Braga taldeagaz akordio batera heldu eta gero. Beraz, 2029ko bagilaren 30era arte eukiko dau Djalók kontratua Athleticegaz. Beraz, azkenengo hilabeteetan egondako zurrumurruak baieztatu egin dira. Akordioaren zifrak ez dira jakitera emon, baina soldatak egitura finkoa izango dau, helburuen araberako osagai aldakorragaz.

Djalók 24 urte ditu eta hiru hilabete eukazala iritsi zan Euskal Herrira, Basaurira. Hain zuzen be, Basauriko San Miguelen eta Bilboko Begoña taldeetan hasi zan futbolean, Portugalera joan aurretik. 2022an SC Bragako lehenengo taldeagaz egin eban debuta eta, gaur egun, taldeko izarretako bat da. Aurtengo denboraldian 14 gol sartu ditu (bost Txapeldunan Ligan eta bat Europa Leaguen).

Polifazetikoa

Djalók aurrelari gisa edo erdilari aurreratu gisa jokatu ahal dau. Gainera, hegal bietan be jokatzeko trebezia dauka. Jokatzeko estiloari jagokonez, bere abiadura eta baloi jaurtiketagaitik nabarmentzen da, bai eta geldikako jokaldietan daukan abileziagaitik. Bere moldaera erraza izatea espero da. Izan be, Adu Ares bere lehengusua da eta uria txikitatik ezagutzen dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular