Athleticek konbentzitzeko moduko garaipena lortu dau Getaferen kontra San Mamesen, ligako 10. jardunaldiko partiduan (4-0). Irabazi barik lau partidu kateatu ostean, mamuak uxatu ditu talde bilbotarrak lortutako hiru puntuei esker. Garaipen korala izan arren, Alex Berenguerren izena nabarmendu da besteen gainetik. Jokalari nafarrak lehen gola sartu eta hiru asistentzia emon ditu. Ondorioz, 12 puntu ditue lehoiek ligan dagoeneko eta zortzigarren postura egin dabe salto, partidu bat gitxiago jokatuta.
Edin Terzicek hainbat aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan, batzuk derrigortuta. Esaterako, Laportek ezin izan dau jokatu, Levanteren kontra txartel gorria ikusi ostean, eta Paredesek hartu dau bere tokia hasierako hamaikakoan, Vivianegaz batera. Ganera, Nico Williams hasierako hamaikakora itzuli da, lesinoa behin betiko atzean utzita. Athleticek espero zan Getafe defentsiboa aurkitu dau aurrean hasierako minutuetan. Hain zuzen be, horregaitik zan hain garrantzitsua azkar aurreratzea markagailuan. 17. minutuan, Alex Berenguerrek ateratako falta David Soriaren atean sartu da zuzen-zuzenean. Gatxena eginda egoan. Txanponaren bestaldean, Ruiz de Galarretak zelaia lesionatuta utzi behar izan dau minutu berean; Gerenabarrenak hartu dau bere tokia zelai-erdian. Atsedenaldira heldu aurretik, Berenguerrek Iñaki Williams bakarrik utzi dau Getaferen ate aurrean eta kapitainak ez dau hutsik egin: 2-0.
Getafek aurrerapausoa emon dau bigarren zatiaren hasieran, baina Athleticek ez dau sufridu. Ganera, talde bilbotarrak partidua erabagita utzi dau 70. minutuan. Berenguerrek kornerra atera eta Paredesek gola sartu dau, bere erremateak Getafeko jokalari baten gorputzean jo eta gero. Aurretik, Christian Imga gazteak debuta egin dau. Gipuzkoarrarena ez da San Mamesek ikusi dauan debut bakarra izan. Izan be, Txus Vizcay nafarrak be debuta egin dau, bost minuturen faltan Pradosegaz batera zelairatuta. Halanda be, Athleticek denpora euki dau laugarren gola sartzeko, Mario Martinen kanporatzearen ostean. Berenguerrek falta laburrean atera eta Yuriren misilak sareetan amaitu dau, arratsaldea guztiz borobiltzeko.
Errege Kopa badator
Athleticek Errealaren kontrako derbia jokatuko dau datorren domekan San Mamesen. Dana dala, lehoiek beste partidu bat daukie aurretik, hil ala bizikoa ganera. Talde bilbotarrak AE Prat talde kataluinarraren aurka jokatuko dau Errege Kopako lehen kanporaketa, urriaren 29an, eguenean, gaueko 21:00etan. AE Pratek Kataluniako Elite Ligan jokatzen dau, estaduko futbolaren seigarren mailan, eta Balear Uharteetako Sant Rafel taldea kaleratu dau aurretiazko kanporaketan.