Athleticek Txapeldunen Ligako postuetan egingo dau lo (2-0)

Unai Simonek gelditutako penaltia eta gero, zuri-gorriek partiduaren kontrol osoa euki dabe Alavesen kontra
Unai Simonek gelditutako penaltia erabagigarria izan da / Athletic Club

Athleticek Txapeldunen Ligako postuetan egingo dau lo, Alaves 2-0 mendean hartu ondoren San Mamesen jokatutako derbian. Lortutako hiru puntuak aintzat hartuta, lehoiek 56 puntu ditue orain, Atleticok baino bat gehiago. Edozelan be, Atleticok oraindino hogeitabederatzigarren jardunaldiko partidua jokatu behar dau, Bartzelonaren aurka Metropolitano estadioan. Bestetik, Gironak galdu egin dau eta Athleticek Kataluniako taldearekiko daukan tartea be murriztu dau.

Edozelan be, partiduaren hasiera gatxa izan da zuri-gorrientzat. Laugarren minutuan, Iñaki Williamsek gola sartu dau, baina ez dau balio izan jokoz kanpo egoalako. Aitatutako momentutik aurrera, Alavesek euki ditu lehen zatiko aukera argienak. Beraz, Unai Simon agertu behar izan da Athletic salbatzera. Batetik, Jon Guridik egindako erremate garbia hankagaz gelditzen. Bestetik, eta batez be, Luis Riojak 31. minutuan jaurtitutako penaltia gelditzen. Penaltiaren kontraerasoan Gorka Guruzetak Athleticen lehen gola eskuratu dau, Nico Williamsek pasea emon eta gero. Bost minutu geroago, Guruzetak barriro be ate aurrean asmatu dau, lehoien bigarren gola sartuz.

Atsedenaldian ez da aldaketarik egon. Beraz, Alavesek bere hasierako hamaikakoan eukan konfiantza mantendu egin dau. Edozelan be, Gasteizko taldea ez da fin ibili. Athleticen nagusitasuna erabatekoa izan da bigarren zatian. Aukera garbi asko sortu ez arren, baloia Alavesen area zonaldean izan da. Seguruenik, bigarren zatian Athleticek egindako hurreratzerik onena Iñaki Williamsek eta Iker Muniainek sortutako aukera bikotxa izan da.

Beraz, Athletic sentsazino oso onakaz doa selekzinoen atsedenaldira. Izan be, hurrengo astegoienean ez da ligako partidurik egongo eta Euskal Selekzinoa San Mamesen arituko da Marcelo Bielsak zuzendutako Uruguairen kontra. Ostean, Athleticek Real Madrilen aurka jokatuko dau Santiago Bernabeu estadioan. Liderraren aurkako partidua Errege Kopako finalaren aurretik egongo dan azkenengo norgehiagoka izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular