Urratsa Txapeldunen Ligarako

Athleticek puntu bira dauka Atletico de Madriden laugarren postua, Kanaria Handian etxetik kanpoko bolada txarra amaitu ostean
Gorka Guruzetak bere hamaikagarren gola sartu eban Ligan Las Palmasen aurkako partiduan / ATHLETIC CLUB

Txapeldunen Ligarako urratsa emon dau Athleticek Las Palmasen zelaian irabazita. Izan be, Kanaria Handia zelaian lortutako garaipenari esker sailkapeneko laugarren postua puntu bira dauka talde zuri-gorriak Atletico de Madridek galdu egin eban-eta Cadizen zelaian. Horregaz batera, zuri-gorriek eutsi egiten deutse sailkapenean atzetik daukien taldeekiko aldeari. Ganera, etxetik kanpo azken jardunaldietan izandako bolada txarrari amaierea emon deutse Valverderen gizonek. Valentzia, Cadiz, Almeria eta Benito Villamarineko partidu makalen ostean, Athletic garaipenaren bidera itzuli da etxetik kanpo. Horixe da bidea datorren denporaldian Txapeldunen Ligea jokatzeko aukerak izateko. Gitxitan eukiko dau Athleticek aurten daukan aukerea Europa mailako lehiaketa ospetsuenerako sailkatzeko.

Kopa txapelketea bazterrean iztearen garrantzia azpimarratu dau Ernesto Valverdek, Europarako saikatzea lortu barik dagoala nabarmenduz. Athleticeko entrenatzaileak hamaikako indartsuena zelairatu eban Kanaria Handia estadioan, baekielako partiduak garrantzia handia eukala sailkapeneko goialdean segidu eta Europarako sailkatzea eskuratzeko borrokan.

Gauza gitxi gertatu ziran lehenengo zatian baina jazo zan apurra Athleticek sortutakoa izan zan. Etxeko taldeak ia jaurti be ez eban egin Unai Simonen atera. Las Palmasek jokalari ugari pilatu ebazan zelai erdian eta bertan hasi eta amaitzen ziran jokaldi gehienak. Hogeta hamabigarren minutuan, baina, Gorka Guruzetak sareetara bidali eban Nico Williamsen ezker aldetik egindako erdiraketa pozoitsua.

Bigarren zatian, etxeko taldeak aurrera jo eban bardinketaren golaren bila eta menderatu egin eban talde zuri-gorria, aukera garbirik sortu ez arren. Eta zelakoak diran gauzak futbolean. Las Palmas nagusi zanean zelaian iritsi zan zuri-gorrien bigarren gola, Coco atzelariak bere atean sartutakoa. 0-2ko emaitzeagaz iritsi zan etxekoen aukerarik garbiena. Sergi Cardona bakarrik geratu zan Unai Simonen aurrean baina ezin izan eban atea zulatu, atezain arabarrak kornerrera desbideratu ebalako haren jaurtiketea.

Kontuak kontu, Athleticek partidu praktikoa egin eban Kanaria Handian: sendo atzealdean eta eraginkor aurkariaren ate aurrean. Nabarmentzekoa Beñat Pradosek eta Iñigo Ruiz de Galarretak zelai erdian egindako lan bikaina. Eta datorren zapatuan Alavesen aurkako derbia San Mamesen. Yurik emon eban jardunaldiko barri txarrena, zelaia itxi egin behar izan ebalako eskoiko izterraren atzeko aldean zaintiratu bat igarri ebalako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular