Batzar Nagusiek Athleticeko ordezkariak hartu dabez Gernikako Arbolaren ondoan

Ekitaldia minutu bateko isiluneagaz hasi da, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren heriotzea dala-eta
Errege Kopea Gernikako Batzar Etxean / Bizkaia Irratia

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak Athletic Clubeko ordezkaritza zabala hartu dau goizeon, talde bilbotarrak Sevillan Errege Kopako finala irabazi ostean. Gernikako Batzar Etxean izan dira Jon Uriarte presidentea, Zuzendaritza Batzordeko kideak, talde teknikoa, Ernesto Valverde buru dala, eta taldeko bost kapitainak: Iker Muniain, Oscar de Marcos, Iñigo Lekue, Iñaki Williams eta Raul Garcia.

Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak, Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariakaz lagunduta, eskerrak emon gura izan deutsaz Athletici, gaur Gernikako Arbolara, “Euskal Herriaren ikur unibersalenera” hurreratzeko egindako keinuagatik, egun honetan egingo diran omenaldi ekitaldi ofizialen atariko lez. Athleticek “bakotxaren ideologia edozein izanda be pertsona guztiak batzen dauan hainbat balio ordezkatzen dauz, gure Gernikako Arboleak lez” azpimarratu dau Otaduik.

Ekitaldia minutu bateko isiluneagaz hasi da, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren heriotzea dala-eta. Ondoren Ana Otadui eta Jon Uriarteren berbaldiak etorri dira. Athleticeko presidenteak modu berezian izan dau gogoan Athleticen mendeurrena ospatzeko Ibaiganen egin ziran ekitaldietara joan zan Ardanza lehendakaria. Baita zoritxarrez daborduko gure artean ez dagozan eta Kopako garaipena zaleakaz ospatzerik izan ez daben guztiak. Gernikako Arbolaren ondoan zapatuko garaipena “ekinaren eta amore ez emotearen” ondorioa dala azpimarratu dau Uriartek, “mugak gainditzen dauazan eta parekorik ez dauan ereduan” oinarrituta. Athleticeko presidenteak amets bategaz amaitu dau: “Gernikara sarriago etortea” titulu gehiago ospatzeko.

Iker Muniain Athleticeko kapitainak bat egin dau amets horregaz. “Une berezia da guztiontzat. Badakigu zer dan Bizkaia osoarentzat, eta ospatu eta oso zoriotsu izan gura dogu”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular