Txillardegiren ‘Leturiaren egunkari ezkutua’ izango da Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren protagonistea

Bilbo Zaharra Euskaltegiaren ekimenak 19. edizinoa beteko dau aurten; bagilaren 4an Arriaga Antzokian egingo dan irakurraldia

Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen dauen Klasikoen Irakurraldi Jarraituak XIX. edizinoa beteko dau aurten. Ekainaren 4an, eguenez, egingo da ekitaldia Arriaga Antzokian, goizeko 08:00etatik 14:00etara. Aurtengo protagonista Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua izango da, askoren ustez lehen euskal eleberri modernoa dan obra. Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Laboral Kutxa dira egitasmoaren babesleak.

Euskal nobela modernoaren abiapuntua

1957an argitaratutako lanak aldaketa sakona ekarri eban euskal literaturan, bai egituran bai landutako gaietan. Existentzialismoaren eragina nabarmena da eleberrian, eta protagonistaren barne-gatazkak lehen aldiz sakontasunez jorratu zituan euskarazko narratiban. Horregaitik, aditu askok euskal literatura modernoaren abiapuntutzat jotzen dabe, eta aurtengo irakurraldiak Txillardegiren ekarpen hori omendu gura dau.

Joseba Sarrionandiak emongo deutso hasierea irakurraldiari

Ekitaldiari hasierea Joseba Sarrionandia idazleak emongo deutso. Berak irakurriko ditu Leturiaren egunkari ezkutua liburuaren lehen lerroak goizeko zortziretan. Ostean, ehunka lagun txandakatuko dira Arriaga Antzokiko foyerrean jarritako mikrofonoaren aurrean. Parte-hartzaileen artean izango dira erakundeetako ordezkariak, kultur eta gizarte eragileak, ikasleak, irakasleak eta hainbat arlotako profesionalak.

Aurten be, ekitaldiak Arriagatik haratago izango dau oihartzuna. Munduko 50 euskal etxeetako euskara ikasleen eta diasporako kideen irakurketak bideo bidez proiektatuko dira. Horrez gain, Arriaga plazan pantaila erraldoi bat ipiniko dabe irakurraldia zuzenean jarraitzeko, eta telebista publikoaren webgunearen bidez be ikusi ahal izango da. Bestalde, Zazpi Kaleetako eta Abandoko metro geltokietan aurreko edizinoetako argazki eta kartelen erakusketea egongo da ikusgai.

19 urte euskal literaturea herritarrengana hurreratzen

Bilbo Zaharra Euskaltegiak sustatutako egitasmoak helburu bikotxa izan dau hasieratik: euskal kultura zabaltzea eta prestigioa emotea, eta euskara ikasten daben ikasleen ahalegina aitortzea. Testuinguru horretan sortu zan Klasikoen Irakurraldi Jarraitua, Bilbo Zaharra Forumen inguruan garatutako kultur jardueren barruan. Hemeretzigarren edizino honetan be, euskal literaturaren klasikoak herritarrengana hurreratzeko apustua berretsiko dau ekimenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00