Athletic San Mamesera bueltauko da domeka honetan emozinoz eta zoriontasunez beteriko aste berezi baten ostean. Ernesto Valverderen taldeak Marcelino Garcia Toralen Villarreal CF izango dau aurkari domeka honetan 18:30etatik aurrera. 56 punturekin, Atletico Madrilengandik 5 puntura, zuri-gorriek aldea murriztu gura dabe eta laugarren posturako lehian jarraitu. Iñigo Ruiz de Galarreta, txartel horiengaitik, eta Yeray, Santiago Bernabeun izan eban lesinoagaitik, deialditik kanpo geratu dira. Honeek izango dira Marcelino Garcia Toralen taldearen aurkako partiduan izango diran 24 jokalariak: Unai Simón, Agirrezabala, Vivian, Paredes, Vesga, Berenguer, O. Sancet, I. Williams, Muniain, N. Williams, Guruzeta, Dani García, I. Lekue, Yuri, De Marcos, Imanol, Villalibre, Ander Herrera, Raúl García, Adu Ares, Prados, Egiluz, Unai G. eta Jauregizar.
Partidua Cuadra Fernandez madrildarrak zuzenduko dau, Lehen Mailan 107 partidu zuzendu dituanak. Aurkaria momentu onean murgilduta dago eta ez dau baztertzen Conference League-n parte hartzea ziurtatuko leuken zazpigarren postua lortzea, eta horretarako etxetik kanpo irabazten jarraitu behar dau.
“Energia positiboa aprobetxatzen saiatuko gara”
Ernesto Valverdek partidu aurreko ohiko prentsaurrekoa emon dau: “Energia positibo hori aprobetxatzen saiatuko gara. Argi dago aste hau emozino handien eta ospakizunen astea izaten ari dala. Baina orain biharko partiduan jarriko dogu arreta, asko daukagulako borrokatzeko”. Aurkariari jagokonez, “Villarrealaren potentziala zein dan badakigu. Goranzko norabidean dagoz, eta Europan sartzeko aukera handiak daukiez. Jakina, aurkari gatxa izango da, etxetik kanpo indartsuak izaten ari diralako “.
Valverdek eskerrak emon gura izan dauz kopa lortzeko bidean taldea lagundu deutsen persona guztiei: “De Marcosek finalaren aurretik esandakoaren ildotik, eskerrak emon gura deutsaz hau lortzen lagundu deuskuen guztiei. Bereziki final bat jokatu ezin izan daben jokalari guztiei, iraganean lagundu deuskuen entrenatzaile guztiei eta honen guztiaren zati garrantzitsu bat daben Klubeko langile guztiei”.