Sevillak jaurti dau txupina San Mamesen (1-3)

Porrotagaz hasi da Edin Terzicen sasoia Athleticen, 11. minututik 10 jokalarigaz jokatu ostean
Osok sartu dau Sevillaren lehen gola / Sevilla FC

Oso txarto hasi da Edin Terzicen sasoia Athleticen aulkian. Lehoiek 1-3 galdu dabe Sevillaren kontra San Mamesen, 11. minutuan 10 jokalarigaz gelditu ostean, Yuri Berchichek txartel gorria ikusi daualako. Sevillak bere nagusitasun numerikoa eta etxeko taldearen akatsak aprobetxatu ditu hiru puntuak Andaluziara eroateko. Txartel gorri polemikoa alde batera utzita, lehen mailan zigortzen diran akatsak egin dabez Athleticeko jokalariek partiduan zehar, Unai Simonek lehen golean edo Aresok hirugarrenean, esaterako.

Nobedadeak egon dira Terzicen lehen hasierako hamaikakoan. Munduko Txapelketa irabazi daben jokalarien artean, Unai Simon izan da partiduari hasieratik ekin deutson bakarra. Paredesek eta Yerayk osotu dabe bikotea zentral postuan eta Areso eta Yuriren laguntza euki dabe hegaletatik. Sorpresarik handiena zelain-erdian emon da. Beñat Generabarrenak eta Peio Canalesek hasieratik jokatu dabe, pasa dan denporaldian bigarren mailako Castellon eta Racingen lagatuta egon eta gero, hurrenez hurren. Bitartean, puntaerdia Sancetentzat izan da, Berenguer eta Iñaki Williamsen babesagaz alboetatik. Azkenik, Gorka Guruzetak osotu dau entrenatzaile alemaniarraren hasierako hamaikakoa.

Athleticek polito ekin deutso partiduari. Norgehiagokan ikusitako hasierako aukerak lehoien aldekoak izan dira, baina 11. minutuan dana okertu da. Paredesek akats larria egin dau eta Yuri Berchichek falta egin deutso Miguel Sierrari jokaldia mozteko asmoz. Cesar Soto epaileak txartel gorriagaz zigortu dau akzinoa. Athleticek nabarmen protestau dau jokaldia. Izan be, Sevillako aurrelariari baloia joan jako, kontaktuaren aurretik. Beraz, ez dirudi jokaldia garbia zanik, baina VAReko epaileak ez deutso zelaiko epaileari deitu monitorera hurreratzeko.

Kaleratzearen kolpea jaso eta berehala, Unai Simonek baloia galdu dau area barruan eta Osok Sevilla aurreratu dau markagailuan, 15. minutuan. Atezainak falta eskatu dau. Orduan, kanpoko taldea bere arean sartu da, defendatzeko asmoz, eta Athleticek euki dau partiduaren kontrola lehen zatiko azken ordu erdian. Halanda be, lehoiek ez dabe ia aukerarik sortu eta Sevilla abantailagaz eta sufridu barik heldu da atsedenaldira.

Egoerea ikusita, Luis Garcia Plaza Sevillako entrenatzaileak txartela euken hiru jokalariak -Peque, Guridi eta Sierra- aldatu ditu atsedenaldian, zenbaki-abantailari eusteko asmoz. Lehen zatian gertatu dan lez, azkar emon dau Sevillak kolpea mahai ganean. 50. minutuan, Ejuke Simonen ate aurrean gelditu da eta primeran definidu dau goitik, markagailuan egoan aldea bikoizteko. Zazpi minutu beranduago, 57. minutuan, Sevillak norgehiagoka erabagita utzi dau. Aresok baloia takoiagaz urruntzeko ahalegina egin eta baloia galdu dau bere atetik gertu. Isaac Romerok ez dau parkatu. Terzicek aldaketak egin ditu mirariaren bila, baina Athleticek gol bakarra sartu dau. Paredesek sareetara bialdu dau baloia, 70. minutuan, korner baten. Lehoiek azken minutura arte sakatu dabe, baina porrotagaz ekin deutsie ligari.

LaLigak ez dauka etenik: hiru partidu lehen astean

Athleticek ahalik eta lasterren ahaztu beharko dau estreinako partiduan gertatutakoa, eguenean ligako beste partidu bat jokatu behar daualako. Ganera, txapelduna izango da aurrean aste barruko partiduan. Zuri-gorriek Bartzelonaren kontra jokatuko dabe Camp Nou estadioan, gaueko 21:00etatik aurrera. Ostean, eta ia atsedenik barik, Vigon jokatuko dau talde bilbotarrak datorren domekan Celtaren kontra, ligako hirugarren jardunaldian. Beraz, denporaldiko lehen garaipenaren bila ibiliko da Athletic aste gogor honetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00