Athleticek bolada txarra eten dau Getafen irabazita

Talde zuri-gorriak bederatzi jokalarigaz eta entrenatzaile barik amaitu eban partidua Gil Manzanok hiru txartel gorri atara ebazalako
Unai Simonek geratu egin eban Greenwoodek jaurtitako penaltia / Athletic Club

Azken lau jardunaldietako bolada txarrari amaierea emon deutso Athleticek garaipena lortuta Getaferen aurkako partiduan. Valverderen taldeak ez da oso fin ibili lehenengo zatian eta etxeko taldea bere ez. Zuri-gorriek markagailuan aurreratzea lortu eben aurkariaren atera egin eben lehen jaurtiketan. Iñaki Williamsek bere anaiaren pasea jaso eban area ertzean eta David Soriaren atea zulatzea lortu eban jaurtiketa zital bategaz. Zuri-gorrien eraginkortasuna bikaina izan zan: jaurtiketa bat, gol bat.

Bigarren zatia ezin hobeto hasi zan Valverderen taldearentzat. Izan be, zuri-gorriek bigarren gola sartu eben seigarren minutuan. Nico Williamsek jokaldi bikaina egin eban eskoiko hegaletik, bere markatzailea atzean itxi eta golerako pase bikaina emon eutson bere anai zaharrari. Iñakik, ederto baliatu eban aukerea eta ez eban parkatu Getaferen ate aurrean.

0-2koagaz Athleticek garaipena ondo bideratuta eukala zirudienean, Gil Manzanok txartel gorria atara eutson Yerayri bigarren zatiko hamahirugarren minutuan, Athleticeko jokalariak eskuagaz moztu ebalako Getaferen eraso bat atzealdeko azken jokalaria zanean, edo hori interpretatu eban Gil Manzano epaileak.

Zuri-gorriak hamar gizonegaz jokatzen ebilzanean, Aitor Paredesek bigarren txartel horia ikusi eban bigarren zatiko hogeta hamalaugarren minutuan. Athleticeko atzelariak huts handia egin eban bigarren txartel horia ikusi eban jokaldian. Ernesto Valverdek zentral bi bakarrik sartu ebazan Getaferen aurkako partidurako deialdian eta biek, Yerayk eta Paredesek txartel gorria ikusi eben. Ondorioz ezingo dabe jokatu hurrengo jardunaldian Osasunaren aurka.

Ez ziran hor amaitu bilbotarren burukominak. Izan be, epaileak penalti adierazo eban Luis Millaren erdiraketa  batek Raul Garciaren besoan jo ebalako. Gil Manzanoren erabagiak Ernesto Valverderen hasarrea eragin eban eta epaileak txartel gorria erakutsi eutson protesta egiteagaitik. Etxeko taldeak ez eban baliatu lehenengo gola sartzeko aukerea, Unai Simonek geratu egin eban-eta Greenwooden jaurtiketea. Hortik aurrera, Bordalasen taldeak sakatu egin eban golaren bila baina Athleticek hutsean mantendu eban bere atea.

Getaferen zelaian lortutako garaipenak bultzada gogorra emongo deutso talde zuri-gorriari liga txapelketea amaitzeko lau jardunaldi geratzen diranean. Sailkapeneko laugarren postua hiru puntura dago barriro Athleticentzat. Atletico de Madridek Mallorcaren zelaian jokatuko dau gaur. Txapeldunen Ligarako sailkatzea ez da erraza izango baina Getafen lortutako garaipenak urrearen balioa dauka Valverderen taldearentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular