Athleticek urrezko garaipena lortu dau Real Madrilen kontra San Mamesen, ligako hemeretzigarren jardunalditik aurreratutako partiduan (2-1). Norgehiagokan bardintasuna nagusi izan arren, Athletic gehiago izan da momentu erabagigarrietan. Julen Agirrezabalak penalti bat gelditu deutso Mbapperi eta taldea aurretik ipini da barriro, bardinketaren gola jaso eta berehala. Athleticen lehen garaipena da ligan Real Madrilen kontra azken hamarkadan.
Sorpresa ugari egon dira Athleticen hasierako hamaikakoan. Ernesto Valverdek Julen Agirrezabalaren aldeko apustua berretsi dau; defentsan, Andoni Gorosabel eta Adama Boiro izan dira entrenatzaileak aukeratu dituan lateralak; zelai-erdian, Beñat Prados eta Mikel Jauregizar jokalariek osotu dabe bikotea; eta, Alex Berenguer izan da aurrelaria Gorka Guruzetaren ordez. Hain zuzen be, Berenguerrek euki dau lehen zatiko aukerarik garbiena, Iñaki Williamsek baloia orpoz emon eta gero. Jokalari nafarraren errematea gora joan da.
Bigarren zatian, partiduaren gidoia ez da asko aldatu. Burruka askoko jokaldiak ikusi dira eta ez dira gol aukera askorik egon. Halanda be, Athleticek eukitakoak baliatu ditu. Alex Berenguerrek lehoien lehen gola sartu dau 53. minutuan, Courtoisen alboratzea aprobetxatuta. Golaren ostean partiduko jokaldi polemikoa heldu da. Sanchez Martinezek Real Madrilen aldeko zalantzazko penaltia adierazo dau, Julen Agirrezabalak Rudigerri buruan kolpea emon eta gero. Halanda be, Errenteriako atezainak primeran gelditu dau Mbapperen jaurtiketa.
Norgehiagoka guztiz zoratu da azken ordu laurdenean. Bellinghamek norgehiagoka bardindu dau 78. minutuan, Berenguerrek aurretik egin lez, Agirrezabalaren alderatzea baliatuta. Oindino 10 minutu jokatzeke egozanean, Fede Valverdek baloia galdu dau area ertzean eta Gorka Guruzetak Athletic barriro aurreratu dau, 80. minutuan. Azken minutuetan, Real Madrilek ez dau bardintzeko aukerarik izan, Athleticek defentsan egindako behar paregabeari esker.
Aurkari zuzena dator San Mamesera
Athleticek Vila-Real taldea jasoko dau domekan San Mamesen. Momentu honetan, ligako laugarren eta bosgarren sailkatuak dira Athletic eta Vila-Real, hurrenez hurren. Hori dala eta, partidu oso garrantzitsua izango da astegoienekoa, Txapeldunen Ligako postua jokoan dagoan heinean. Ligako norgehiagoka eta gero, Athleticek Istanbulera osterea egingo dau hurrengo eguaztenean, Fenerbahceren aurka jokatzeko Europa Ligako seigarren jardunaldian.