Athleticek Txapeldunen Ligako aukerei eutsi gura deutse

Paredes, Yeray, Oihan Sancet, Gorka Guruzeta eta Galarreta ez dira San Mamesen izango

Athleticek Osasunaren aurka neurtuko ditu indarrak zapatu honetan, 21:00etatik aurrera, San Mamesen. Partidu horretan, lehoiak Atletico Madrilengandik hiru puntura jarri leitekez barriro, eta presinoa sartu leikie RC Celtaren aurkako partiduari begira. Zurigorriak San Mamesera itzuliko dira Getafen partidu zoro baten hiru puntuak lortu ondoren, eta barriro hiru puntu batu gura dute euren zalegoaren aurrean, ligan lehenengoz Katedralean garaipenik gabeko bi partida kateatu ondoren.

Ernesto Valverderen taldeak baja ugari izango ditu, batez be defentsan. Yeray Alvarez eta Aitor Paredes Getaferen aurka txartel gorria ikusi eben. Oihan Sancet, Gorka Guruzeta eta Iñigo Ruiz de Galarreta lesionauta dagoz. Lehenengoz Ernesto Valverde ez da aulkian egongo, Getaferen aurka kanporatua izan zalako, eta Jon Aspiazuk hartuko dau bere lekua. Sanchez Martinezek zuzenduko dau partidua.

“Eurek ez dabe presinorik”

Ernesto Valverdek prentsaurrekoa eskaini dau partiduari begira, eta hauxe esan dau aurkariaren egoerari buruz: “Egia da eurek ez dirala une onean iristen emaitzei jagokenez. Matematikoki salbatuta dagoz, ez dabe presinorik, baina biharkoa derbi bat da, alderdi emozionalean konnotazino berezia dauena beti. Indartsu etorriko dira gure garaipena ekiditzen saiatzera eta jokatzen jakin behar dogu. Igaz asko kostatu jakun, ez genduen irabaztea lortu”.

Champions Leaguera sailkatzeko dituzten aukerei buruz galdetuta, teknikariak onartu du ez dutela erraza: “Beti komeni da azken jardunaldietan helburuak zure esku egotea, eta orain ez da horrela. Etxean jarraian izandako neurketa horietan irabazteko zorian egon ginen eta gero Madrilen lehia erabakigarria galdu genuen. Harrezkero, zaildu egin jaku, Atletico de Madrid talde fidagarria dalako emaitzetan. Bi jardunaldi geratzen jakoz etxean, eta badakigu han aurkari konplikatua dala. Gure asmoa bihar irabaztea da, itxarotea eta datorren astean hori barriz egitea eta gauzak zelan doazen ikustea”.

DEIALDIA

Unai Simón, Agirrezabala, Vivian, Vesga, Berenguer, I. Williams, Muniain, N. Williams, Dani García, I. Lekue, De Marcos, Imanol, Villalibre, Ander Herrera, Raúl García, Adu Ares, Prados, Egiluz, Unai G, Jauregizar y Hugo Rincón.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular