Bermeok nagusi izaten jarraitzen dau

Bermeok denporaldiko zazpigarren eta zortzigarren banderak lortu dauz Getxon eta Lekeition
Urdaibai bere zortzigarren banderea ospatzen / Aitor Arrizabalaga / Eusko Label Liga

Bermeoko traineruak bere nagusitasuna erakusten jarraitzen dau eta zapatuan zein domekan irabazi dau. Getxoko eta Lekeitioko estropadek ez dabe ezusteko askorik ekarri eta danak bardin jarraitzen dau Eusko Label ligako bosgarren astearen ostean. Bizkaiko gainontzeko taldeei jagokonez, traineruek euren helburuak beteten jarraitzen dabe.

Zierbenaren presinoagaz bakarrik

Getxoko estropadan Bermeo izan da, barriro be, banderearen irabazlea. Hiru segundo beranduago helmugaratu dan Zierbena izan da ‘Bou Bizkaia’ traineruari estropada aurre egin ahal izan deutsan bakarra. Bederatzigarren jardunaldia Lekittarra, San Pedro, Bueu eta Kaiku taldeek estreinau dabe. Azken ziaboga on baten ondoren, Kaiku nagusitu da txandan, 20 minutu eta 37 segundoko denporagaz. Atzetik, ordena horretan, San Pedro, Lekittarra eta Bueu iritsi dira. Albiste txar bakarra Lekittarraren hamaikagarren postua izan da, denporaldiko estropadarik txarrenetako bat.

Bigarren txandan Donostiarra, Getaria, Cabo eta Ondarroa atera dira. Gipuzkoako traineruak, Donostiarrak, egin dau txandako denporarik onena, 20 minutu eta 11 segundoko denporagaz amaituz. Getaria bigarren izan da, Cabo hirugarren eta Ondarroa laugarren. Traineru bizkaitarrak Donostiagaz alderatuta 30 segundo baino gehiago galdu ondoren, okerragoa izan daitekeen estropada gainditu dau.

Ohorezko txandea Urdaibaik, Zierbenak, Hondarribiak eta Oriok osotu dabe. Lau traineruak oso bardinduta hasi dira, baina Iker Zabalaren mutilak aurretik mantenidu dira. Zierbenak, bere aldetik, bigarren posturako burrukari eutsi deutso Oriogaz. Azkenean, Urdaibaik bere zazpigarren bandera irabazi dau 19 minutu eta 49 segundoko denporagaz. Bigarren Zierbena izan da, Bou Bizkaia trainerutik hiru segundora.

Aurkaririk barik domekan

Hamargarren jardunaldia Ondarroak, Bueuk, San Pedrok eta Lekittarrak hasi dabe. Lekeitioko traineruak tarte handia edegi dau, 22 segundo atera deutsozalako bigarrenari, Ondarroari. 21 minutu eta 20 segundoko denporagaz Lekeitiok irabazi dau txandea eta Ondarroa izan da bigarren.

Hondarribiak, Getariak, Kaikuk eta Cabok egin dabe bigarren txandan. Talde berdeak 21 minutu eta 7 segundoko denpora egin dau, Getariaren aurretik eta Kaikuk baino 30 segundo lehenago.

Ohorezko txandan, Zierbena, Donostiarra, Orio eta Urdaibai Hondarribiak ezarritako denpora hobetzeko asmoz atera dira. Bermeok bere indarra erakutsi dau. Gauzak holan, Urdaibaik Lekeitioko Ikurrina eskuratu dau 20 minutu eta 33 segundoko denporeagaz, eta Donostiarra izan da bigarren, Hondarribia hirugarren, Zierbena laugarren eta Orio bosgarren.

Sailkapen nagusian, Bizkaiko traineruek ez dabe aldaketa handirik jasan. Bermeok lider izaten jarraitzen dau 117 puntugaz, 10 banderatik 8 lortuz. Zierbena bigarren da 106 puntugaz. Ondarroa zazpigarren postuan dago, 54 puntugaz eta sei puntu galdu dauz Getariarekiko. Zortzigarren Lekittarra da 48 puntugaz. Azken bizkaitar trainerua Kaiku da, hamargarren postuan, 39 puntugaz, play-out-arekiko abantaileagaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00