Athleticek urtebete geroago galdu dau San Mamesen. Atletico Madrilek lehoiek etxean eukitako bolada onari amaiera emon deutso partiduko luzapenean, Correak kontraerasoan sartutako gol bati esker, Iñigo Lekuek egindako akats larria aprobetxatuz. Talde madrildarrari garaipena emon deutson jaurtiketa partidu osoan hiru zutoinen artean egindako bakarra izan da.
Ernesto Valverdek lau aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan azkenengo partiduarekiko. Txingurrik Iñigo Lekue, Yuri Berchiche, Ander Herrera eta Nico Williams zelairatu ditu Oscar de Marcos, Adama Boiro, Mikel Jauregizar eta Alvaro Djalo jokalarien ordez. Halanda be, aldaketek ez dabe euki entrenatzaileak gura eban efektua. Izan be, Athleticek ez dau gol aukera garbirik sortu lehen zatian; Atleticok, ezta.
Atsedenaldia eta gero, zuri-gorriek aurrerapausu nabarmena emon dabe. Esaterako, gola eskuratu dabe epaileak txistua jo eta 20 segundora. Edozelan be, golak ez dau balio izan Nico Williams jokoz kanpo egoan eta. Ernesto Valverdek aldaketa hirukotxa egin dau azkenengo ordu erdiari begira. Zelaira urten eta berehala, Mikel Jauregizarrek jokaldi arriskutsuak sortu eta Athleticek markagailuan aurreratzeko aukerak euki ditu. Lehoiak garaipenaren bila joan dira, baina kontraeraso batean, eta Iñigo Lekuek egindako akats larriari etekina aterata, Correak Atleticoren gola eskuratu dau.
Denporaldiko lehen geldialdia
Hurrengo astegoienean selekzinoak izango dira protagonista futbol munduan. Ondorioz, ez da ligarik egongo. Athleticen hurrengo partidua iraileko bigarren astegoienean izango da, Las Palmasen kontra Kanaria Handian. Data eta ordutegia zehazteke dagoz oindino.