Athletic sasoiz izartu da Butarquen (0-2)

Athleticek ondo merezidutako garaipena eskuratu dau Leganesen zelaian, bigarren zatian hobekuntza nabarmena erakutsi ostean
Iñigo Ruiz de Galarretak hasieratik jokatu eban atzo be Butarquen / Athletic Club

Denporaldiko hirugarren garaipena lortu dau Athleticek Leganesen zelaian irabazita. Dani Vivianek sartu dau zuri-gorrien lehen gola hogeigarren minutuan eta Iñaki Williamsek bigarrena hamar minutu beranduago. Garaipen honi esker Ernesto Valverderen taldea sailkapeneko goialdean sartu da hamar puntogaz.

Hasiera baten itxaron baino aldaketa gehiago egin dauz Athleticeko entrenatzaileak Butarquen zelairatutako hamaikakoan. Sei hain zuzen be: Andoni Gorosabel De Marcosen ordez, Unai Nuñez Paredesen ordez, Mikel Vesga Jauregizarren lekuan, Alvaro Djalo aurrealdean Guruzetaren lekuan, Unai Gomez Oihan Sanceten ordez eta Alex Berenguer eskumako hegalean, normalean Iñaki Williamsek beteten dauen postuan. Aldaketa lar agian. Izan be, Athleticek ez dau ia arriskurik sortu Leganesen ate aurrean lehen zati osoan.

Atsedenaldian lehen aldaketea egin behar izan dau Ernesto Valverdek. Nico Williamsek Rosierren sarrera gogorra jaso eban lehen zatiaren azken jokaldian eta Gorka Guruzetak bete behar izan dau haren lekua ezker orkatila minduta eukalako. Athleticek kaleratutako oharraren arabera, Williams anai gazteak kolpe bat baino ez dauka ezker orkatilean. Hamaika minutu itxaron ebazan zuri-gorrien entrenatzaileak hiru aldaketa egiteko, taldearen jokoak bardin segiduten ebala ikusita. Sancet, Iñaki Williams eta Beñat Pradosen zelairatzeak aldatu egin eban partidua. Athletic aurkariaren atera hurreratzen hasi zan eta arriskua sortuz ganera. Dani Vivianen erremate bat langara joan zan eta Iñaki Williamsek ez eban ondo baliatu Andoni Gorosabelek eskoiko hegaletik erdiratutako baloi pozoitsua.

Bigarren zatiko hogeigarren minutuan, baina, zuri-gorriek markagailuan aurreratzea lortu eben Vivianek area barrutik egindako jaurtiketa bategaz. Golak min egin eutson etxeko taldeari eta hamar minutu beranduago Athleticek erabagita itxi eban norgehiagokea Iñaki Williamsek sartutako golagaz. Andoni Gorosabelek -atzelariak ondo baliatu eban Valverdek emondako aukerea- ederto eroan eban baloia eskoiko hegaletik eta bere jaurtiketa sare barrura bialdu eban Williamsek ezker oinaren punteagaz. Hortxe amaitu zan partidua, Leganesek ez eban-eta Agirrezabalaren ate aurrean arriskua sortzeko gaitasunik erakutsi.

Valverdek partidu aurreko prentsaurrekoan esan eban lez, garaipen guztiak dira garrantzitsuak. Atzokoak, Las Palmasen zelaian lortutakoagaz batera, konfiantza handia emongo deutso talde zuri-gorriari datorrenari aurre egiteko. Celta izango da hurrengo aurkaria domekan San Mamesen, datorren asteko egunean Europako Ligako lehenengo partiduari ekin aurretik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00