Garaipen bategaz itzuli da San Mames Europara (2-0)

Iñaki Williamsek eta Oihan Sancetek sartutako golei esker hiru puntuak lortu ditu Athleticek
Williams anaiek alkarregaz ospatu dabe Iñakiren gola / Athletic Club

San Mames garaipen bategaz itzuli da Europara (2-0). Athleticek AZ Alkmaar taldea itxi dau atzean Europa Ligako bigarren jardunaldian, Iñaki Williamsek eta Oihan Sancetek bigarren zatian sartutako golei esker. Garaipena ez da erraza izan, partidua bizia eta oso fisikoa izan da eta. Lehen jardunaldi biak jokatu eta gero, Athleticek lau puntu ditu eta sailkapeneko hamaikagarren postuan dago.

Ernesto Valverdek galako hasierako hamaikakoa zelairatu dau; sorpresa gitxi egon dira partidua hasteko aukeratutako jokalarien artean. Halanda be, Andoni Gorosabelen presentzia nabarmendu behar dogu, Oscar de Marcosen ordez. Athleticek ondo ekin deutso partiduari eta Yuri Berchichek langara bialdu dau baloia zazpigarren minutuan. Athleticek lehen zatian eukitako aukerarik garbienak jokalari zarauztarrak areatik kanpo egindako jaurtiketen bitartez heldu dira. Dana dala, markagailua ez da mobidu lehen zatian.

Athletic golaren bila urten da bigarren zatian. AZ Alkmaar talde herbeheretarrak, sendo egon bada be, gol aukera gitxi sortu ditu. Lehoien lehen gola partiduko 72. minutuan heldu da, Nico Williamsek erdiraketa ona ipini eta bere anaia Iñaki Williamsek baloia sareetara bialdu eta gero. Markagailuan aurreratu arren, Athletic bigarrenaren bila joan da, partidua erabagitzeko. Zuri-gorriek 85. minutuan eskuratu dabe saria. Nico Williamsen jokaldi polit baten ondoren, Oihan Sancetek barrura sartu dau atezainaren aldaratzea eta festa lehertu da San Mamesen.

Maratoiko azken norgehiagoka

Athleticek eguerdiko 14:00etan jokatuko dau domekan Gironaren aurka Montilivi estadioan. Astegoienekoa zazpigarren partidua izango da Ernesto Valverderen gizonentzat azkenengo 21 egunetan. Norgehiagoka honen ostean, selekzinoen bigarren etenaldia egongo da eta atsedena hartzeko aukerea eukiko dabe jokalari zuri-gorriek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular