64 pelotari lehiatuko dira Hiru Hiriburuak txapelketan

Emakumezkoen Hiru Hiriburuak pelota txapelketeak bigarren ekitaldia asteburu honetan
Hiru Hiribiruak 2023ko txapelketaren aurkezpena Gasteizen / Emakume Master Cup

Igazko lehen edizinoaren arrakasteak hauspotuta, emakumezkoen Hiru Hiriburuak pelota txapelketeak bigarren ekitaldiari ekingo deutso astegoien honetan. Beste behin, Emakume Master Cup zirkuituak hasieratik euki dauzan oinarriei jarraituta, txapelketa hau erabat edegia izan da, hau da, parte hartu nahi daben emakume guztiek izan dabe izena emoteko aukerea.

Aukera hori zabalagoa izan daiten eta emakume bakotxak bere errealidade eta beharretara egokitzen dan plaza bat euki dagian, txapelketea bost maila desbardinetan banatuko da; pelota goxoko gazteak eta nagusiak eta gero eta indar handiagoa daukan pelota mistoko gazteak, promesak eta eliteak. Gogoan euki behar da, txapelketa honi esker, emakumeen esku pelotak geratzen jakon mugea apurtzeko pausu bat emon dauala uda honetan. Igazko eliteko bi bikoterik onenek Ameriketako Estadu Batuetan jokatzeko aukerea euki dabe. Andrazkoen esku pelota zirkuituan leku bat egiten dabilen txapelketa barritzaile hau Eusko Jaurlaritzaren ekimenez eta EAEko hiru uriburuen babesagaz dator.

Aurton guztira 64 izan dira izena emon daben emakumeak eta txapelketeari hasierea domeka honetan emongo deutse Gasteizen, Mendizorrotzako Beti Jai instalazinoak eskeintzen dauzan bost pelotalekuak erabilita, benetako pelota maratoi bategaz.

Aurre-kanporaketa honetatik Donostian urriaren 8an jokatuko diran finalerdietarako sailkatuko diran bikoteak urtengo dira eta finalak aurton Bilboko Bizkaia pelotalekuan jokatuko dira, urriaren 15eko eguerdian. Igazko txapeldunak Arrizabalaga-Capellan izan ziran, baina aurton bakotxa bere aldetik saiatu beharko da txapela lortzen. Arraiza-Oses, Arrizabalaga-Erasun, Garai-Arrillaga, Etxegarai-Capellan, Beitia-Gaminde, Aldai-Bergara eta Zabaleta-Mendizabal izango dira elite mailan arituko diran bikoteak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular