Athleticek puntu bakarra eskuratu dau Betisen aurka bardindu eta gero San Mamesen (1-1). Lehoiek aukera ugari euki dabez garaipena eskuratzeko, baina ez dabe asmatu. Esaterako, Athleticek hiru biderrez bialdu dau baloia zutoinera lehen zatian eta Rui Silva Betiseko atezainak geldiketa erabagigarriak egin behar izan ditu. Lortutako puntuagaz, Athleticek 19 puntu ditu orain.
Ernesto Valverdek aldaketak egin behar izan ditu derrigortuta hasierako hamaikakoan. Izan be, partidua hasi aurretik Athleticek Gorka Guruzeta eta Mikel Jauregizar jokalarien lesinoen barri emon dau. Guruzetak lunbalgia dauka eta Jauregizarrek bizkarreko mina. Euren ordez, Alvaro Djalo aurrelaria eta Beñat Prados erdilaria zelairatu ditu Txingurrik.
Lehen zatian erabatekoa izan da Athleticen nagusitasuna. Partidu hasieran egondako aukera guztiak talde bilbotarrak sortu ditu, batez be, Iñaki Williams eta Oihan Sanceten eskutik. Betisek hiru aldaketa egin ditu atsedenaldian, egoerari bueltea emoteko asmoz, eta bere helburua bete dau 52. minutuan Fornalsek sartutako golari esker. Azkar erantzuteko, Valverdek Berenguer zelairatu dau 65. minutuan eta hiru minutu beranduago partidua bardindu dau jokalari nafarrak. Athleticek bigarrena sartzeko aukerak euki ditu, baina ez da kapaz izan.
Osterea Bulgariara
Liga alde batera itxita, Europa Ligako laugarren partidua jokatuko dau Athleticek eguenean Ludogorets taldearen estadioan, arratsaldeko 18:45etan. Momentuz, partidu bi irabazi eta bakarra bardindu dabe zuri-gorriek Europan. Beraz, beste garaipen bat lortzeko helburuagaz egingo dau osterea Athleticek Bulgariara. Ostean, Athletic Valladoliden izango da ligako hamahirugarren jardunaldian, domekan arratsaldeko 18:30etan.