Urteko lehen tituluaren bila

Athleticek Bartzelonaren aurka jokatuko dau Saudi Arabian Espainiako Superkopearen lehenengo finalaurrekoan
Lamine Yamal eta Yuri Berchiche Bartzelonak eta Athleticek bigarren jardunaldian Montjuicen jokatutako partiduan / Athletic Club

Las Gaunasen izandako sustoa ganetik kentzeko asti asko barik, Athletic Saudi Arabian dago bihar Bartzelonaren aurka jokatzeko Espainiako superkopearen lehenengo finalaurrekoan. Bigarrena, Real Madridek eta Mallorcak jokatuko dabe etzi. Partidu bi honeetako irabazleek finala jokatuko dabe datorren domekan.

Plantilako jokalari guztiak eroan dauz Valverdek Saudi Arabiara. Lesionaturik dagozan Sancet, Yeray eta Ruiz de Galarreta be deialdian dagoz baina, ustez behintzat, Sancetek bakarrik daukaz Bartzelonaren aurka jokatzeko aukerak. Ruiz de Galarreta hamaikakoan ikustea ezin da baztertu baina ezustekoa izango litzateke. Yerayren parte hartzea era bat baztertuta dago zun hausturea daukalako. Peio Canales, Bilbao Athleticeko erdilaria eta Mikel Santos atezaina be Arabiara eroan ditu Athleticeko entrenatzaileak. Izan be, Alex Padilla, Athleticegaz daukan kontratua 2029ra arte luzatu dauen atezainak lagata joango da Mexikoko Pumas taldera.

Urteko lehen titulua irabazteko aukerea dauka Athleticek Superkopan. Horretarako, lehen urratsa bihar emon behar dau Bartzelonaren aurka. Hansi Flickek zuzentzen dauen taldeak hasiera ona emon eutson liga txapelketeari baina azken asteetan galdu egin dau sailkapeneko lehen postua.

Behin jokatu dabe talde biek alkarren aurka denporaldi honetan eta Bartzelona 2-1 nagusitu zan liga txapelketako bigarren jardunaldian. Lau hilabete luze igaro dira ordutik eta hona eta talde bien egoerea asko aldatu da. Ernesto Valverderen taldea behin bakarrik izan da galtzaile azken hogeta bi partiduetan eta gaur egun aurkari gatxa da edozein talderentzat. Ikusteko dago, Sancet eta Galarreta jokatzeko moduan egongo diran Bartzelonaren aurkako partiduan. Izan be, jokalari garrantzitsuak dira Valverderen ekipoan.

Bartzelonari jagokonez, Dani Olmok eta Pau Victorrek ezingo dabe jokatu datorren denporaldira arte, fitxa barik geratu diralako. Edozelan be, Laportak zuzentzen dauen klubak epaitegietara jo dau jokalari biak zelairatzeko baimena jasoteko asmoagaz. Del Olmo eta Victor barik be, esan beharrik ez dago Bartzelonak goi mailako jokalariak dituela. Lamine Yamal, talde blaugranako izar nagusia errekuperatu egin da Superkoparako eta ikusteko dago Flickek hasieratik zelairatzen dauen. Azpimarratzekoa da Iñigo Martinez egiten dabilen denporaldi bikaina. Hasiera baten ez egoan argi jokatzeko aukerarik eukiko eban -fitxa barik geratzeko arriskuan egon zan- baina Flickek konfiantza itzela dauka ondarrutarrarengan. Bera da atzealdeko nagusia.

Kontuak kontu, Logroñoko partidu txarra atzean itxi eta Athletic onena espero dogu bihar Españako superkopearen lehen finalaurrekoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00