Bokartaren prezioa asko jaitsi da kosterea hasi orduko

212.000 kilo porturatu dabez Ondarroan hogeta hamar ontzik eta bataz besteko prezioa 74 zentimokoa izan da
Bokart ugari sartu da Euskadiko portuetan baina oso merke saldu da / Bizkaia Irratia

Antxoaren kosterea ez da ondo hasi euskal arrantzaleentzat. Izan be, arrantzaldia hasi baino egin ez danean – ontziak astelehenean itsasoratu ziran luzaroan portuan lotuta egon ostean-, arrainaren prezioa ikaragarri merketu da arrantzaleen hasarrerako. Astelehen arratsaldean, ontzi bik porturatu eben denporaldiko lehen bokarta Ondarroako portuan. Itsas Lagunak arrantzontzi hondarribitarrak harrapautako 50 aleko 182 kaja 6,77 eurotan saldu ziran. Nuevo Miñones ontzi galiziarrak 48 antxoa kaxa atara ebazan enkantean eta kiloko 5,44 eurotan saldu ziran.

Hurrengo egunean, ostera, hogeta hamar bat ontzik Ondarroako portuan  lehorreratutako 212.000 kiloak askoz merkeago saldu dira, 74 zentimotan bataz beste. Partidarik garestiena, goizeko lehen orduan saldu zan, 1,28 €/ kiloa. Handik aurrera, ostera, salneurria euroaren azpitik jausi da, eta 60 zentimoko mugea gainditu dau beheranzko bidean. Gauza bera gertatu da Getaria, Santoña edota Laredon.

Deigarria da benetan Ondarroako portuan garestien saldu dan espezie pelagikoa berdela izan dala. Hamar mila kilo inguru saldu dira eta prezioa 2,5 euroraino heldu da. Era berean, bokartaren tamaina bereko parrotxa – sardina gaztea –1,37 eta 1,16 euro artean saldu da.

Beste alde batetik, Espainiako Gobernuko Arrantzako Idazkaritza Nagusiak eta Kantauri ipar-mendebaldeko baxurako flotak akordioa adostu dabe 2025ean bokartaren arrantzea kudeatzeko. Madrilen egindako batzarrean, ekoizleen erakundeen alkarteak, Opescantabricok, aurkeztutako proposamena aztertu da. Ekoizpenaren % 90 biltzen dau alkarte horrek, eta, bere proposamenean harrapaketen kuotearen % 96ko banaketaren alde egiten da, alkarte bakotxak arrantzaren erritmoa eta lehorreratze-bolumena arautu ahal izateko, kuotearen aprobetxamendua optimizatzeko asmoagaz. Azkenik, sektorearen adostasuna lortu da kudeaketa-eredu barrirako eta Opescantabrico alkarteagaz lotuta ez dagozan ontzientzako harrapaketa mugea % 4tik % 10era handitu da. Holan, harrapaketa mugearen %90a esleitu jake Opescantabrikok batzen dituen alkarteei. “Harrapaketa mugen banaketa honek ez du ekarriko eskubideak finkatzea etorkizunean egin daitekeen bokartaren kuotearen banaketarako” zehaztu dau Madrilgo Gobernuak. “Neurri horren bitartez – azpimarratu dabe – aurreko urteetan kanpainako lehenengo egunetan antzemandako antxoaren tamaina txikiko eta kotizazino baxuko aleen deskarga masiboak arindu gura dira, eta, horrela, arrantzan parte hartzen daben ontzi guztien errentagarritasuna hobetu”. Kudeaketa-eredu barria dagokion ministro-aginduan islatuko da. Araua argitaratu arte egindako harrapaketak arau horretan ezarritako mugen arabera zenbatuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00