
Athleticek Europa Ligako final-laurdenetarako sailkapena eskuratu dau, futbol arratsalde magiko batean San Mamesen (3-1). Talde zuri-gorriak garaipena behar eban derrigorrez aurrera egiteko eta bere helburua lortu dau Nico Williamsen gol bien eta Yuri Berchicheren golari esker. Hurrengo fasean, Athleticek Rangers talde eskoziarraren aurka jokatuko dau. Joaneko partidua Glasgowen izango da apirilaren 10ean eta bueltakoa San Mamesen apirilaren 17an.
Lehoiak espero zan hasierako hamaikakoagaz urten dira zelaira. Beharbada, nobedade lez, Unai Gomezen presentzia nabarmendu ahal dogu puntaerdian, Alex Berenguerren kaltetan. Partiduaren gidoia goitik behera aldatu da norgehiagoka hasi eta berehala. 11. minutuan, Matt Hummels Erromako zentralak txartel gorria ikusi dau Sannadiri falta egin eta gero eta 10 jokalarikaz itxi dau bere taldea ia partidu osoa jokatzeke egoanean. Lehen zatian, Athletic Erroma baino gehiago izan da. Halanda be, azken jokaldira arte ez da markagailuan aurreratu talde bilbotarra. Luzapenaren hirugarren minutuan, Nico Williamsek baloia sareetara bialdu dau bigarren zutoienean egindako erremate batean. Beraz, kanporaketa bardinduta joan da atsedenaldira.
Bigarren zatiari begira, Valverdek Berenguer zelairatu dau Unai Gomezen ordez, bigarren golaren bila joateko asmoz. Halanda be, Erromak partidua lokartu dau bigarren zatiko hasieran eta Athleticek ez dau aukera garbirik euki. Azkenean, Yuri Berchichek talde erromatarraren armiarma-sarea hautsi egin dau 68. minutuan kornerrez sartutako golagaz. Handik gitxira, 82. minutuan, Nico Williamsek kanporaketa erabagita itxi dau hirugarren gola sartu dauanean, bakarka egindako jokaldi on baten ostean. Edozelan be, Leandro Paredesek Erroma hurreratu dau markagailuan, luzapenean penalti puntutik sartutako golari esker. Dana dala, talde italiarrak ez dau aukera gehiagorik euki eta Athleticek sailkapena berretsi dau.
Txapeldunen Ligako postua indartzera
Europa Ligako final-laurdenetarako sailkapena lortu eta gero, Athleticek albo batera itxi beharko dau Europako txapelketa hurrengo asteetan. Esan bezala, Europa Ligako hurrengo partidua apirilaren 10ean jokatuko dau talde zuri-gorriak. Beraz, ligan zentratu behar da Athletic orain, Txapeldunen Liga jokatzeko laugarren postuari eusteko asmoz. Horren harira, talde zuri-gorriak Sevillaren kontra jokatuko dau Sanchez Pizjuan estadioan domekan arratsaldeko 16:15etan.