
Athleticek aukera ederra galdu dau puntu bat eskuratzeko Santiago Bernabeun. Ernesto Valverderen taldeak eutsi egin deutso Real Madrideri partidu osoan gehiegi sufridu barik baina luzapenean Unai Simonek ezin izan dau ezer egin Fede Valverderen jaurtiketea geratzeko. Kontuak kontu, beste urte betez zuri-gorriak esku hutsik itzuli dira merengeen estadiotik. Orain dala hogei urte lortu eban azken garaipena Athleticek Santiago Bernabeun. Beraz, ezin dogu esan zuri-gorrien porrota ezustekoa izan danik. Halandabe, Valverderen gizonek esku-eskuan euki dabe bardinketea eta azken minutuetan jasotako gola kolpe gogorra izan da zuri-gorrientzat.
Athleticek sei partidu jokatuko ditu sei egunetan. Joan zan eguenean Rangersen aurka exijentzia handiko norgehiagoka jokatu ostean, Real Madriden aurkako lehiari ekin deutso 72 ordu beranduago, ia errekuperatzeko asti barik. Hori guztia gitxi balitz, zuri-gorriek liga txapelketako partidua jokatuko dabe eguaztenean Las Palmasen aurka San Mamesen. Egoerea ahalik eta ondoen kudeatzeko asmoagaz, Valverdek atsedena emon deutsie Rangersen aurka lehiatu ziran jokalari guztiei, Alex Berenguerri izan ezik. Beste era batera esanda, hamar aldaketa egin dauz hamaikakoan eta normalean minutu gitxien jokatzen daben gizonak zelairatu dauz Santiago Bernabeun.
Beste partiduetan ez bezala, Athleticek ez dau presino itogarririk egin aurkariaren zelaian. Zuri-gorriek itxaron egin deutsoe, atzealdean ondo ordenatuta. Viniciusek bakarrik sortu dau arrisku apur bat bere hegaletik, hori bai, gol aukera garbirik eragin barik. Athleticek, atzealdean sendo aritu arren, ez eban ia jaurti be egin Courtoisen atera.
Bapeznako bardinketagaz amaitu da lehenengo zatia. Emaitza ona zan Athleticentzat, Santiago Bernabeun puntu bat eskuratzea positiboa dalako beti, are gehiago, ordezko gizonekaz jokatuta. Bigarren zatian Ancellotiren taldeak beste martxa bat sartu deutso bere jokoari garaipenaren golaren bila, liga txapelketea irabazteko aukerak bizirik mantendu ahal izateko. Rodrigok eta Bellinghamek aukera garbiak euki dabez Unai Simonen atea zulatzeko baina brasildarraren jaurtiketea kanpora joan da gitxigaitik eta ingelesesaren burukadea kornerrera desbideratu dau Unai Simonek. Athleticeko atezaina oso seguru ibili da Santiago Bernabeun. Bigarren zatiaren hasieran euki dau Athleticek partiduko aukera bakarra Unai Gomezek area barrutik egindako jaurtiketa gogor baten. Courtoisek, baina, erantzun bikaina emon deutso bermeotarraren jaurtiketeari.
Valverdek hiru aldaketa egin dauz erasoko jokoa indartzeko azken ordu erdirako, Maroan Sannadi, Sancet eta Iñaki Williams zelairatuta. Barakaldoko jokalari ohiak la ona egin dau zelaian egon dan minutuetan. Williamsek eta Sancetek, ostera, ez deutse gauza handirik emon taldearen jokoari.
Erasoan makal ibili eta atzealdean lehen zatian baino gehiago sufridu arren, Athleticek eutsi egiten eutsan bapeznako bardinketeari. Santiago Bernabeun, ostera, ezin da inoiz partidua amaitutzat emon epaileak txistua joan arte. Larogeta hamabigarren minutuan, Vesga ez da fin ibili baloi bat areatik urruntzeko ahaleginean eta Fede Valverdek etekin bikaina atara deutso aldaratzeari. Uruguaiarraren jaurtiketa indartsua eskuadra ingurura joan da eta ezerezean itzi dau zuri-gorrien poza.
Porrot mingarria izan arren, sei jardunaldi geratzen dira liga txapelketea amaitzeko eta Athleticek bost puntuko aldea kentzen deutso Vila-reali eta bederatzi Betisi. Andaluziarrek gaur jokatuko dabe Gironan.