Athleticen, zerura begira

Meteorologoek zaparrada gogorrak iragarri ditue astegoienerako Valentzian eta Mestallako partidua arriskuan egon daiteke
Beñat Gerenabarrena eta bere taldekideek hilbete daroe ligako partidurik jokatu barik / Athletic Club

Hilebete daroe Athleticeko jokalariek lehiaketako partidurik jokatu barik. Ligan izandako etenaldiaren ostean, Rayo Vallecano eta Athleticen arteko partiduko epaileak bertan behera itxi eban norgehiagokea zaleek paperezko hegazkinak eta gomazko bolak jaurti ebezalako zelaira, jokalarien segurtasuna arriskuan jarrita. Espainiako futbol federazinoko epaile bakarrak erabagi behar dau zer gertatzen dan partidu horregaz.

Liga txapelketako bederatzigarren jardunaldiko partidua jokatuko dau Athleticek zapatuan Mestallan (21:00etan). Ez dogu ahaztu behar, zuri-gorriak Valentziara joan ziran azken aldian, ezin izan ebela jokatu Levanteren aurkako partidua sekulako zaparradak egon ziralako eta zelaia urez ganezka egoalako. Ba sinestuezina bada be, meteorologoek zaparrada gogorrak iragarten dabez astebururako Valentzian, eta zuri-gorrien eta Javier Agirreren taldearen arteko partidua kolokan dago. Levante eta Rayo Vallecanoren aurkako partiduak bertan behera geratu ostean, Athleticentzat oso kaltegarria izango litzateke zapatuko lehia be atzeratu behar izatea.

Nico Williams eta Oihan Sancet barik ekingo deutso Athleticek Valentziaren aurkako partiduari. Williams anai gaztea bere errekuperazinoaren azken txanpan sartu da eta ondo bidean taldekideekaz batera entrenetan hasiko da datorren astean. Sancetek, ostera, denpora gehiago beharko dau hanka bateko sole giharrean euki dauen zuntz hausturea osatzeko. Beste alde batetik, pentsa lei Aymeric Laporte be ez dala prest egongo Mestallan jokatzeko. Atzelari frantziarra Rayoren aurkako partidurako deialditik kanpo geratu zan “ondoezik” egoalako. Danok pentsa genduan egun pare bateko kontua zala baina kontua da Laportek ez dauela parte hartu aste honetako lehen saioetan. Eguaztenekoan korrika saioa egin eta baloia ikutu dau Javi Clementeren aginduetara.

Partidu gatxa dauka Athleticek Mestallan. Izan be, Javier Agirrek zuzendutako taldeen aurkako lehiak gogorrak dira beti, entrenatzaile mexikarrak garrantzi handia emoten deutso-eta egitura defentsiboari. Ganera, Agirreren lehen partidua izango da Valentziako zaleriaren aurrean, azken jardunaldian Sardineron bina bardindu ostean. Terizcen taldeak partidu bikaina jokatu eban Balaidosen Celtaren aurka. Vallecasen, baina, Rayo Vallecanok errez gainditu eban zuri-gorrien egitura defentsiboa. Kontuak kontu, hasteko itxaron daigun partidua jokatu ahal izatea eta holan bada Athleticen bertsinorik onena ikustea zelaian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00