Athleticek gero eta gertuago dauka Txapeldunen Liga (1-0)

Lehoiek Alavesen aurkako Euskal Derbia irabazi dabe Manu Sanchezek bere atean sartutako golari esker
Athleticek urrezko garaipena lortu dau Txapeldunen Liga jokatzeko burrukan / Athletic Club

Txapeldunen Liga gero eta gertuago dauka Athleticek, Alavesen aurkako Euskal Derbian urrezko garaipena lortuta (1-0). Zuri-gorriek asko sufridu dabe garaipena eskuratzeko partidu oso gris batean, baina Manu Sanchezek bere atean sartutako golak markagailuan egoan bardintasunagaz amaitu dau. Hiru jardunaldiren faltan, Vila-Realekiko eta Betisekiko aldeari eusten deutso talde zuri-gorriak behintzat.

Djalok, Canalesek eta Olabarrietak osotu dabe lehoien hiruko lerroa hasierako hamaikakoan. Williams anaien lesinoen eta Berenguerren zigorraren aurrean, bigarren taldeko jokalari bien aldeko apustua egin dau Ernesto Valverdek. Gainerako postuetan ez da ezusteko handirik egon eta espero ziran jokalariek ekin deutsie norgehiagokari. Alavesek partidua hasi eta berehala egin dau hiru zutoinen artean egindako jaurtiketa bakarra, baina Simonek sekulako geldiketa egin deutso Guevarari gola ekiditeko. Talde arabarra Athleticen erritmoa mozten ahalegindu da hasieratik eta lortu egin dau. Izan be, aukera bakarra euki dau etxeko taldeak lehen zati osoan Mikel Jauregizarren oinetan.

Valverdek bigarren zatia hasi eta ia berehala egin ditu lehen aldaketa biak, lehen zatiaren gidoia errepikatzen ari zala ikusita. Txingurrik Unai Gomez eta Gorka Guruzeta zelairatu ditu Alvaro Djalo eta Aingeru Olabarrietaren ordez. Ahalegindu arren, Djalo ez da fin ibili barriro be. Edozelan be, Athleticek ez dau zuzentasuna eta argitasuna aurkitu bigarren zati osoan, baina Manu Sanchezek 71. minutuan bere atean sartutako golak partidua erabagi dau. Oihan Sancetek jokaladi ona burutu dau lesinotik bueltan eta bere erdiraketa sareetan amaitu da. Azken minutuetan, Athletic markagailuari eusteko gauza izan da, tartean bederatzi minutuko luzapena egonda.

Hiru puntu gehiago, jardunaldi bat gitxiago

Athleticek 64 puntu ditu dagoeneko ligan, hiru partidu besterik falta ez diranean. Atzetik Vila-Real dator; Marcelino Garcia Toralek zuzendutako taldeak 61 puntu ditu, baina golaveragea Athleticen aldekoa da. Betis be Txapeldunen Liga jokatzeko burrukan murgilduta dago. Sevillako taldeak 57 puntu ditu, baina Osasunaren aurkako partidua jokatu behar dau oindino.

36. jardunaldian, Athleticek Getafera osterea egingo dau, Vila-Realek Leganes jasoko dau Castellon eta Betisek Rayoren estadioan jokatuko dau. Getafe eta Athleticen arteko norgehiagoka eguenean jokatuko da, gaueko 21:30etatik aurrera Coliseumen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00