Bartzelonak irabazi dau Oscar de Marcosen azken partidua (0-3)

Robert Lewandowskik lehen zatian sartutako gol biek partidua erabagita itxi dabe
Oscar de Marcosek bere ibilbideko azken norgehiagoka jokatu dau / Athletic Club

Bartzelonak denporaldiko azken norgehiagoka irabazi dau San Mamesen Oscar de Marcosen agurrean (0-3). Bartzelonak orain dala jardunaldi bi irabazi eban liga eta Athleticek aurreko domekan lotu eban laugarren postua Valentzian. Beraz, sailkapenari jagokonez behintzat, ez egoan ezer jokoan gaurko partiduan. Horregaitik burruka irekia eta ikusgarria espero zan, baina Bartzelonak lehen zatian utzi dau norgehiagoka erabagita, Lewandowskik sartutako gol biei esker.

Partidu aurreko prentsaurrekoan Valverdek iragarri eban moduan, Oscar de Marcosek eta beste 10 jokalarik ekin deutsie partiduari. Halanda be, ezusteko ugari egon dira hasierako hamaikakoan. Esaterako, Paredesek eta Nuñezek osotu dabe zentralen bikotea, Unai Gomez titular izan da erdi-puntan eta Nico Williams lesinotik itzuli da. Athleticek polito ekin deutso partiduari, baina Lewandowskik Bartzelonaren lehen gol biak sartu ditu egindako lehen jaurtiketa bietan, 14. eta 17. minutuetan. Golak jaso eta gero, talde bilbotarra ezinean ibili da.

Egoerea ikusita, Valverdek aldaketa hirukotxa egin dau ordu erdi falta zanean eta Prados, Sancet eta Vivian zelairatu ditu, baina aldaketek ez dabe momentu horretara arte ikusitakoaren maila igon. Edozelan be, athleticzale guztien arreta Oscar de Marcosen ganean egoan. Partidua amaitzear egoala, Oscar de Marcosek San Mameseko txalo-zaparrada jaso dau aldatua izan danean. Partiduko azken jokaldian, Dani Olmok Bartzelonaren hirugarren gola sartu dau penalti puntutik.

Denporaldi bikaina

Bartzelonaren aurkakoa aurtengo denporaldiko azken partidua izan da Athleticentzat. Talde zuri-gorriak 70 puntu lortu ditu ligan, 19 partidu irabazi, 13 bardindu eta sei galdu eta gero. Ondorioz, laugarren postuan amaitu dau denporaldia Athleticek eta hurrengo denporaldiko Txapeldunen Liga jokatuko dau.

Hain zuzen be, Europan dagoeneko aurpegi ona erakutsi dau talde bizkaitarrak aurtengo denporaldian. Liga fasea bigarren amaitu eta gero, Athleticek Erroma eta Rangers kaleratu ebazan Europa Ligako finalaurrekoetara heltzeko. Manchester Uniteden aurkako kanporaketa 1-7 galdu arren, Athleticek primeran lehiatu eban.

Taldearen bertsinorik txarrena, aldiz, Errege Kopan ikusi genduan. Athleticek penaltiak behar izan ebazan Lehen Federazinoko UD Logroñes kaleratzeko eta Osasunaren kontra galdu eban San Mamesen final-zortzirenetan. Azkenik, Espainiako Superkopan Bartzelonaren kontra galdu eban taldeak finalaurrekoetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00