
Amaitu da Athleticen ibilbidea Europako Ligan. Ernesto Valverderen taldeak ezin izan deutso bueltea emon Manchester Uniteden aurkako kanporaketeari eta ezingo dau jokatu Europako Ligako finala San Mamesen. Hamalau partidu jokatu ditu Valverderen ekipoak aurten Europan eta finalerako sailkatu ez arren, zuri-gorriek maila bikaina erakutsi dabe. Europari agur esan ostean, Athletic buru belarri sartu behar da Liga txapelketan, Txapeldunen ligarako sailkapena jokoan egongo da-eta lehiaketea amaitzeko geratzen diran lau jardunaldietan.
4-1 galdu dau Atheticek Old Trafforden baina argi eta garbi esan daiteke emaitzak ez dauela erakusten, inondik eta inora bez, bedartzan gertatutakoa. Iñaki Williams, Nico Williams, Ohian Sancet eta Dani Vivian barik ekin deutso talde zuri-gorriak Manchester Uniteden aurkako partiduari. Joaneko partiduan 0-3 galdu ostean, Valverderen gizonek aurkarien bila urten eben lehen minututik Old Trafforden. Etxeko taldea hurreratu be ez zan egin Julen Agirrezabalaren atera eta bilbotarrak jaun eta jabe ziran zelaian. Berenguerrek euki eban lehenengo gol aukerea, baina nafarrak ez dau ondo baliatu area barruan Unai Gomezek emondako baloi ona, bere jaurtiketea kanpora joan da-eta. Athleticen ekinak ez dau atsedenik izan eta hogeta hamabigarren minutuan itxaropenaren leihoa zabaldu dau Mikel Jauregizarrek areaz kanpotik sartutako gol bikainagaz. Old Trafforden bildutako lau maila Athletic zaleak zoratzeko bidean egon dira bermeotarraren golagaz.
Zuri-gorrien aldeko huts eta batekoagaz joan dira talde biak aldageletara eta kezkea zan nagusi Manchester taldeko jokalarien aurpegietan ez ebelako kanporaketea erabagita ikusten. Bigarren golaren bila zelairatu da Athletic bigarren zatian, beste urrats bat emoteko amesa egin bihurtzeko bidean. Valverdek hiru aldaketa egin dauz taldearen erasoko jokoa indartzeko asmoagaz, De Marcos, Prados eta Olabarrieta zelairatuta. Handik gitxira, Unai Gomez kendu eta Guruzeta sartu dau. Apurka apurka, nekea igarten hasi dira Valverderen gizonak eta Manchester Agirrezabalaren ate ingurura hurreratzen hasi da, 72 minutuan Mountek bardinketaren gola sartu dauen arte. Jokaldi horretan amaitu zan partidua eta kanporaketea. Hortik aurrera gertatutakoak ez dauka garrantzirik. Athletic jausi egin zan eta etxeko taldeak beste hiru gol sartu dauz. Zigor handiegia zuri-gorrientzat.
7-1 galdu dau Athleticek Manchester Uniteden aurkako kanporaketea. Pentsa lei ingelesak bilbotarren ganetik pasau dirala eta ez da holan izan. Joaneko partiduan Vivianen txartel gorriak eta penaltia erabakigarriak izan ziran eta bueltakoan Athleticek ez dau galtzea merezi izan.
Aitamen bat Daniel Siebert epaile alemaniarraren lanaren ganean. Lehenengo zatian bigarren txartel horia parkatu deutso Noussair Mazraoui Manchester taldeko jokalariari -deabru gorriak hamar jokalarigaz geratu izan balira partidua goitik behera aldatuko zan- eta bigarren zatian ez dau faltarik ikusi Lindelofek Beñat Pradosi emondako ostikadan. Erdilari nafarra hamabi minutu bakarrik egon da zelaian, jasotako kolpearen ostean ezin izan dau segidu-eta.
Kontuak kontu, harro, oso harro Athleticek Manchesterren erakutsitako adoreagaz eta orokorrean Europako Ligan egindako lanagaz. Lau partidu geratzen dira denporaldiari agur esateko eta laugarren postu horrek ezin deutso ihes egin Valverderen taldeari. Ia lesionatuak errekuperatzen diran Alavesen aurkako partidurako.