
Ilusinoz beteta ekin deutso Athleticek 2025-2026 denboraldiari. Ernesto Valverderen mutilek atzo hasi eben aurredenboraldia, baina atzo eta gaur bitartean mediku azterketak egiten dabilz IMQren eskutik.
Oraindik ez doguz jokalari guztiak Lezamako instalazinoetan ikusi, batzuk denboraldia beranduago amaitu ebelako. Dani Vivian, Nico Williams, Unai Simon eta Mikel Jauregizar Espainiako selekzinoekaz ibili ziran, azkenak 21 urtez azpiko eurokopea jokatu eban eta opor egun gehiago emon deutsiez klubak. Maroan Sannadi be Marokoko selekzinoagaz ibili zan, baina oporrak laburtu eta atzo Lezaman ikusi gendun. Antzeko kasua Urko Izetarena. Mirandesegaz lehenengo mailarako play-offak jokatu eta gero oporrak laburtzea erabaki dau eta atzo jarri zan Ernesto Valvederen esanetara. Unai Egiluz, Hugo Rincon eta Unai Vencedorrek be opor egun gehiago daukez aurretik.
Aurpegi barriak be ikusi doguz Lezamatik. Robert Navarro fitxaketa barria taldekide barriegaz izan zan atzo eta Lezamako instalazinoak be ezagutu ebazan. Valverderen lan taldean be aurpegi barriak ikusi doguz. Pablo Orbaiz lehen taldeko banakako lanaren arduraduna izango da eta Luis Prieto dimoztarra lehen taldeko prestatzaile fisikoa.
Denboraldi polita dauka aurretik Athleticek. 12 urte eta gero, Txapeldunen Ligako musikea San Mamesen entzun ahal izango dogu.
Gustatzen jakuzan keinuak
Lan saioa amaitu eta gero, zaleak jokalarien zain egon ziran Lezamako atean. Zaleetako bat, jokalariak itxarotearren, berandu ebilen autobusera ailegetako, horregatik Aitor Paredesek mutikoa bere kotxean hartu eta autobus geltokira eroan eban. Eskertzekoak dira halako keinuak, gaur egun geroz eta hurbiltasun gitxiago ikusten dogun futbol munduan.