
Boiseko lehenengo jaialdia 1987an egin eben Idahoko kartzela historikoan. Arrakasta handia izan eban, 30.000 parte hartzaile baino gehiago alkartu ziran. Gerora, 1990ean, Cecil Andrus —orduko Idahoko gobernadoreak— ekimena errepikatzea erabagi eban, eta ordutik bost urterik behin egiten da garagarrileko azken astegoienean, San Inazio egunagaz batera. Jentetza biltzen da eta giro itzela izaten da. Zortzigarren edizino hau 2020an egin behar eben, baina Covid-19aren pandemiaren ondorioz, aurten arte atzeratu behar izan dabe. Hamar urteko itxaronaldiaren ostean, 2025ekoa jaialdi historikoa aurreikusten da.
Aurten, garagarrilaren 29tik abuztuaren 3ra bitartean egingo da Jaialdi 2025. Egitarau oparoa izango da: musika eta dantza emonaldiak, bertso saioak, herri kirol erakustaldiak, euskal jaki eta edari tradizionalak… Beste behin, Boiseko The Basque Block kalea izango da jaialdiko erdigunea. Euskal Herriko eta AEBetako musika eta dantza talde ugarik hartuko dabe parte, eta bertsolari batzuk be bai. Besteak beste, Biotzetik Basque Choir abesbatza, Xabi Aburruzaga trikitilaria, eta Gatibu, Neomak, Txantxangorriak eta Amuma Says No musika taldeak; Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal eta Xabi Paya bertsolariak; eta Oinkari Basque Dancers, Boise Oñati Dancers, Boiseko Gazteak, Arkaitz eta Tio Teronen Semeak dantza taldeak.
Garagarrilaren 31n, Idaho Central Arena pabiloian, herri kirol erakustaldi handia antolatu da. Bertan izango dira Inhar Urruzuno, Paulo Aspiazu, Karmele Gisasola, Iker Vicente, Aitzol Atutxa, Julen Alberdi Txikia IV.a, Nerea Arruti, Kerman Perez de Heredia, Nerea Egurrola edota Jose Martin Bustinza Tubi.
NABO erakundearen biltzarra
Ameriketako Estatu Batuetako eta Kanadako euskal etxeen alkarte euskaldunak batzen dauazan NABO erakundearen urteroko biltzar nagusia be egingo dabe Boiseko jaialdiaren barruan. Euskal etxeen alkarte bakotxak bere eskualdeko arazoak eta gainerako nondik norakoak eroango dauz biltzar horretara, eta urte osoan talde bakotxak egindako lana aurkeztuko dabe.
NABO erakundea 1973. urtean sortu zan, euskal alkarte eta kolektiboak batzeko helburuagaz, euren arteko lankidetza bultzatzeko eta euskal komunidadearen, kulturaren eta nortasunaren jarraipena errazteko. AEBetako 38 euskal etxe biltzen dauz, eta baita Kanadako Britainiar Kolunbian eta Quebecen dagozan euskal etxeak be.
Euskal politikarien partehartzea
Eusko Jaurlaritzatik Imanol Pradales lehendakaria, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura sailburua, Ander Caballero Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Ziortza Olano Atzerriko Euskal Komunidadearen zuzendaria joan dira Boisera. Pradales lehendakariari harrera ofiziala egingo deutse gaur jaialdiko antolatzaileek. Lehendakariak Jaialdi 2025-eko kultur arloko ekimenetan hartuko dau parte, baina AEBtako politikariakaz be izango da, Idahoko gobernadoreagaz edo Boiseko alkateagaz, besteak beste.
EH Bilduk be ordezkaritzea bialdu dau Boisera. Jon Iñarritu Kongresuko diputadua eta Edurne Benito del Valle legebiltzarkidea joan dira Idahoko uriburura.