‘Hegan eta Jare’, Angel Ugartebururen bigarren nobelea

Autobiografia baino gehiago, belaunaldi oso baten lekukotza da
Andres Urrutia, Angel Ugarteburu eta Igone Etxebarria / Bizkaia Irratia

Hegan eta Jare Angel Ugarteburuk idatzitako nobelea da, eta dagoeneko liburu-dendetan erosi daiteke. Aurrekoaren moduan (Milloitik mundura), lan hau be autobiografikoa da. Mutikotan Berriatuko baserritik Derioko seminariora joan zanean hasi eta helduaroraino heltzen da. Abadegai lagunak, abadetzarako pausua emon edo ez, gero kultura jardutea, politika giroa diktaduraren azken urteetan, ikasketak, lanbidea… Tarte horretan, bere moduko beste gazte askoren bizi-ibilaldia egiten dau. Holan, belaunaldi oso baten lekukotza jasotzen dau nobeleak eta horrek balio berezia dauka.

Angel Ugarteburuk pasadizoak, gertaerak eta abar modu arin, argi eta atseginean kontatzeko berezko dohaina dauka. Irakurgaia txatal laburretan eratuta dago, irakurtzeko erraza da, baina, aldi berean, aberatsa. Momentu historiko garrantzitsuak, urte biziak, gazteen gurariak, kulturako arduradunen egarria… Hori eta gehiago irakurriko dogu Hegan eta Jare liburuan.

Lana Labayru Fundazioaren ‘Sutondoan‘ sortan argitaratu da, erakundeak Euskaltzaindiagaz sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00