Seitik sei Athleticentzat (1-0)

Lehoiek Rayo menderatu dabe San Mamesen Oihan Sancetek penalti puntutik bigarren zatian sartutako golari esker
Oihan Sancet gol bategaz itzuli da bedartzara / Athletic Club

Athleticek ligako lehen partidu biak irabazi ditu lehenbiziko aldiz 2013-2014 denporalditik, Rayo 1-0 mendean hartu ostean San Mamesen. Zuri-gorriek lan handia egin behar izan dabe hiru puntuak eskuratzeko, baina Oihan Sancetek markagailuan egondako bardintasuna desorekatu egin dau 66. minutuan penalti puntutik.

Ohikoa izan ez arren, Ernesto Valverdek lehen jardunaldian zelairatutako hasierako hamaikakoa errepikatu dau. Halanda be, partiduak ez dau zerikusi handirik izan Sevillaren kontrakoarekiko. Izan be, kontrola nagusitu da eta sendotasuna erakutsi dabe talde biek lehen zatian, Athleticek partidua hasi eta berehala defentsan eukindako hutsegite batean izan ezik.

Taldeari falta jakon argitasuna aurkitzeko asmoz, Sancet atsedenaldian sartu da zelaira Maroan Sannadiren ordez. Beraz, Iñaki Williamsek aurrelari moduan jokatu dau bigarren zatian. Hain zuzen be, golaren bila urten dira zuri-gorriak atsedenalditik bueltan eta arriskua sortzeko kapazak izan dira hasierako minutuetan. Gola gertu egoala igarten zanean, lehoien presinoak saria euki dau. Oihan Sancetek baloia berreskuratu, penaltia jaso eta talde bilbotarra aurreratu dau ate erdira egindako jaurtiketari esker. Norgehiagokan aurreratu eta gero, Athleticek abantailari eutsi deutso eta hiru puntuak San Mamesen gelditu dira.

La Cartujara osterea

Athleticek denporaldiko lehen partidua jokatuko dau etxetik kanpo ligako hirugarren jardunaldian Betisen kontra Sevillan. Dana dala, norgehiagoka ez da Benito Villamarin estadioan jokatuko, obrak dagoz eta. Beraz, La Cartuja estadioan izango dira Ernesto Valverderen gizonak domeka arratsaldean. Athleticen lehen partidua izango da estadio horretan, 2024ko apirilaren 6an bertan Errege Kopa irabazi eta gero.

Aurkariari jagokonez, Betisek partidu biko astea eukiko dau. Andaluziako taldeak Vigon jokatuko dau eguaztenean Celtaren kontra, ligako seigarren jardunalditik aurreratuko dan partiduan. Beraz, aukera ederra eukiko dabe lehoiek denporaldi hasiera paregabeari jarraikortasuna emoteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00