Athletic makal batek ezin izan dau garaipena lortu Elxen (0-0)

Bapeznako azken emaitzak ondo erakusten dau Martinez Valero zelaian gertatutakoa
Valverderen taldeak espero baino maila makalagoa emon dau Elx sendo baten aurka / Athletic Club

Athleticek ezin izan dau irabazi Elx taldearen zelaian jokatu dauen partiduan. Bapeznako emaitzea alde batera itxita, Valverderen taldeak ez dau maila onik emon Martinez Valeron eta gauza gitxi egin dau aurkariaren ate aurrean. Beste alde batetik, egia da, baita, etxeko taldeak ez dauela merito handirik egin garaipena eskuratzeko. Kontuak kontu, bapeznako azken emaitzeak oso ondo erakusten dau zelaian gertatutakoa.

Lesionaturik egozan jokalari ia guztiak berreskuratuta ekin deutso Athleticek Elx taldearen aurkako partiduari. Ernesto Valverdek, baina, aulkian itzi ditu Williams anai biak, Berenguer eta Sancet hasieratik zelairatuta, Robert Navarro eta Gorka Guruzetagaz batera. Zuri-gorrien entrenatzaileak apostu garbia egin dau garaipena eskuratzeko baina planak ez dau ondo irten. Lehen zatian Athletic ez da gustura egon zelaian eta baloi jabetzea be aurkariarena izan da. Alex Berenguerrek eskoiko aldetik egindako erdiraketa batera gitxigaitik ez da heldu Robert Navarro, zuri-gorrien lehen zati osoan izandako aukera garbi eta bakarrean.

Valverdek Williams anai biak beroketa ariketak egiten ipini ebazan lehen zatian, txarto ikusten ebalako zelaian bere taldea. Entrenatzaileak Guruzeta eta Robert Navarro kendu ebazan atsedenaldian, Iñaki eta Nico Williams zelairatzeko. Maniobreak, baina ez dau aldaketa handirik ekarri. Anai zaharra ezinean dabil denporaldi osoan. Gaztearen eskutik heldu zan bigarren zatiko zuri-gorrien aukerarik garbiena. Ezkerretik barrurantz egin dau baina Iñaki Williamsek ez dau ondo baliatu anaiaren pasea area barruan egoanean. Aldaratzea Jauregizarrek aprobetxau eban jaurtitzeko baina atzelari batek desbideratu egin dau bermeotarraren errematea.

Kontuak kontu, etxetik kanpo puntu bat eskuratzeari balioa emon behar bajako be, Athleticek espero baino maila makalagoa emon dau Martinez Valeron. Zuri-gorriak ez dira nagusi izan zelaian eta makal ibili dira erasoko jokoa sortzeko orduan. Garbi geratu da, taldeko jokalari garrantzitsu batzuk euren maila onenatik urrun dagozala. Athletic onenaren zain jarraitzen dogu. Valverderen taldeak garrantzi handiko partidua jokatuko dau eguaztenean San Mamesen, Quarabag taldearen aurka Txapeldunen Ligako hirugarren jardunaldian eta garbi dago Elxen baino maila hobea emon beharko dabela garaipena eskuratzeko aukerak izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00