Athleticek irabazi egin dau 34 egun beranduago (2-1)

Alejandro Regok 82. minutuan sartutako golak garaipena emon deutso talde bilbotarrari Mallorcaren kontra
Regok bere lehen gola sartu dau lehen taldeagaz / Athletic Club

Bolada txarra amaitu da. Athleticek Mallorca mendean hartu dau San Mamesen eta garaipenaren bidera itzuli da 34 egun beranduago (2-1). Talde zuri-gorria oso goiz aurreratu da markagailuan eta lehen zati borobila jokatu dau, baina markagailuaren estutasurari probetxua atera deutso Mallorcak eta norgehiagoka bardindu dau bigarrenean. Azkenean, Alejandro Regok 82. minutuan sartutako golak garaipena emon deutso talde bilbotarrari .

Borussia Dortmunden aurkako norgehiagokan aldaketa ugari egin eta gero, Ernesto Valverdek hasierako hamaikako potentea zelairatu dau ligako zortzigarren jardunaldi honetan. Areso eta Yuri hasieratik izan dira zelaian, Jauregizarrek eta Ruiz de Galarretak zelai erdiko bikotea osotu dabe eta Guruzetak puntaerdian ekin deutso partiduari, Iñaki Williamsen atzetik.

Hain zuzen be, Iñaki Williams izan da partiduko protagonista hasierako minutuetan. Aurrelari bilbotarrak gola sartzeko aukerea izan dau norgehiagoka hasi eta berehala eta, handik gitxira, penalti jaso dau. Williams berak hartu dau penaltia jaurtiteko ardurea eta lehoiak markagailuan aurreratu ditu. Golak indarra emon deutso etxeko taldeari eta Athletic bigarren golaren bila izan da lehen zati osoan.

Markagailuan aurretik joan arren, Athleticen lehen zatiak ez dau merezidutako saria jaso. Bigarren zatian Athleticen errendimendua makalagoa izan da eta Iñaki Williams lesionatu egin da. Behintzat, Nico Williams taldera itzuli da bere anai nagusiaren ordez. Mallorcak ez deutso inoiz aurpegia galdu partiduari eta Samu Costak bardinketaren gola sartu dau 77. minutuan hegaletik ipinitako erdiraketa atean sartu danean. Golarena Mallorcak eukindako aukera bakarra izan da ia-ia. Athleticen erreakzinoa laster heldu da, ez da urduri ipinteko denporarik egon. Bardinketaren golatik bost minutu bakarrik pasa diranean, Alejandro Regok Aresoren erdiraketa jaso eta garaipenaren gola sartu dau. Zuri-gorriek sendotasuna erakutsi dabe azken minutuetan eta hiru puntuak San Mamesen gelditu dira aspaldiko partez.

Pozik doa Athletic etenaldira

Athleticek garaipena behar eban, are gehiago selekzinoen beste etenaldi bat datorrelako Mallorcaren aurkako partiduaren ostean. Zuri-gorriek 15 egun eukiko dabez atsedena hartzeko, entrenatzeko eta lesionatutako jokalariak berreskuratzeko. Hurrengo hitzordua urriaren 19an izango da, eguerdiko 14:00etan Elcheren zelaian. Ostean, Txapeldunen Ligara itzuliko dira lehoiak Qarabagen aurka San Mamesen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00