
Markel Akarregi Bengoetxea (Lekeitio.1987) izango da Lekittarraren entrenatzailea datorren denporaldian. Osertz Aldai Isuntzako gizonezkoen traineruaren entrenatzaile lez egindako hamar urteko etapearen ostean, Iñaki Badiola buru dauen arraun taldeak etxeko teknikari baten aldeko apustua egin dau. Markel Akarregik, 27 urte daroaz bere jaioterriko klubari lotuta,1998an alebinetan arraun egiten hasi zanetik. Ordutik, eta klubeko beheko maila guztietatik igaro ondoren, Akarregik 18 denporaldi egin dauz arraunlari lez Lekittarran, 2006tik 2024ra arte, lan kontuakaitik arrauna itzi behar izan eban arte. Isuntzagaz konpromiso handia dauen gizona da, eta 2010az geroztik, arraunlari lanak eta entrenatzaile lanak uztartu dauz klubeko beheko mailetan. “Ilusino bereziagaz hasiko dugu etapa barri hau, gure nortasuna eta filosofia ondo ezagutzen dituen eta azken urteetako lanari jarraipena emoteko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak biltzen dituen etxeko pertsona baten alde eginez”, dino Isuntza Arraun Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak.
Lekittarra Eusko Label Ligan lehiatuko da datorren denporaldian, 2018an jokatutako play offean maila gorenera itzuli zanetik. Zortzigarrena izango da jarraian. Joan dan denporaldian, aurreko urtean lortutako zazpigarren postua errepikau eban ligako azken sailkapenean. Ganera, Isuntzak 26 urteko lehorte luzea hausi eban Donostian Kontxako Banderarako sailkapena lortuta. Markel Akarregik bertatik bertara ezagutzen dauz traineruko kide guztiak. Ia guztiekin aritu da arraunean, eta erdiak baino gehiago bere aginduetara aritu dira beheko mailetan.