Athleticek 4-0 galdu dau barritutako Camp Nou estadioan

Zuri-gorriek momentu garrantzitsuetan jaso dabez golak eta Sancetek txartel gorria ikusi dau 54. minutuan
Athleticek 24 urte daroaz Bartzelonaren kontra Bartzelonan irabazi barik / Athletic Club

Athleticek Bartzelonaren estadioan galdu dau beste urtez batez (4-0). Zuri-gorriek 2001etik ez dabe irabazten Bartzelonaren estadioan eta aurten be halaxe izan da barritutako Camp Nou estadioaren lehen partiduan. Bartzelonaren golak momentu garrantzitsuetan heldu dira, zatien hasieretan eta amaieretan, eta Oihan Sancetek 55. minutuan ikusitako txartelak ez deutso lagundu talde bizkaitarrari.

Ernesto Valverdek hasierako hamaikako oso titularra zelairatu dau. Iñaki Williamsen baja alde batera itxita, Gorka Guruzeta gelditu da bakarrik aulkian, Gorosabel eta Areso lateralek titulartasunak tartekatzen dabezalako. Beraz, Unai Gomezek partiduari ekin deutso puntan. Norgehiagoka hasi eta berehala, Robert Lewandowskik Bartzelona aurreratu dau markagailuan, Alex Berenguerrek baloia area ertzean galdu eta gero. Gola jaso eta gero, partiduko minuturik onenak jokatu dabez lehoiek. Gola sartzeko aukera bi euki ditu Unai Gomezek eta beste bat Nico Williamsek, baina halako estadioetan ezin da parkatu. Lehen zatiko azken jokaldian, Ferran Torresek Kataluniako taldearen bigarrena sartu dau, Yuri Berchichek baloia galdu ostean.

Donostian eta Newcastle-en gertatu bezala, Athleticek Fermin Lopezen gola jaso dau bigarren zatiko lehen aukerean. Hain zuzen be, sei minutu beranduago, Oihan Sancetek sarrera gogorra egin deutso Fermini eta Sanchez Martinezek txartel gorria erakutsi deutso jokalari nafarrari, monitorean errepikapena ikusi eta gero. Beraz, partidua guztiz erabagita gelditu da 54. minutuan. Valverdek aldaketak egin ditu, Slavia Pragaren kontrako norgehiagokan pentsetan, eta Athleticek markagailuari eusteko ahalegina egin dau, lortu barik: Ferran Torresek Bartzelonaren laugarrena sartu dau luzapenean.

Slavia Pragaren kontrako partidu erabagigarria

Athleticek Txekiar Errepublikan jokatuko dau martitzenean. Lehoiek Slavia Praga taldea eukiko dabe aurrean, Txapeldunen Ligako bosgarren jardunaldian. Lehen lau jardunaldietan hiru puntu bakarrik lortu eta gero, garaipena ekarri behar dau talde zuri-gorriak etxera; Slavia Pragak, aldiz, puntu bi ditu. Ganera, partidu biko astea izango da hurrengoa Athleticentzat. Bizkaitarrek Valentzian jokatuko dabe hurrengo zapatuan Levanteren zelaian, ligako hamalaugarren jardunaldian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00