Athleticek Errealaren kontrako euskal derbia galdu dau luzapenean Anoetan, partidu pareko baten ostean (3-2). Zuri-gorriek birritan bardindu dabe norgehiagoka, Guruzeta eta Navarroren golei esker, baina Gorrotxategik garaipena emon deutso etxeko taldeari azken momentuan. Athletic krisitik urten ezinean dabil eta bost puntu besterik ez ditu lortu ligako azken zortzi partiduetan.
Sorpresa gitxi egon dira hasierako hamaikakoan, baina egondakoak nabarmenak izan dira. Nico Williams aulkian itxi dau Valverdek eta Robert Navarrok ekin deutso partiduari ezker hegaletik. Ganera, Aymeric Laportek hasieratik jokatu dau, lesino batetik etorri arren. Gol aukera gitxi egon dira partiduan, lehen zatian bereziki, baina egondakoetan golak heldu dira. Brais Mendezek Erreala aurreratu dau markagailuan eta Gorka Guruzetak norgehiagoka bardindu dau lau minutu beranduago, 42. minutuan.
Bigarren zatia hasi eta berehala, Erreala aurreratu da markagailuan barriro be, Guedesek Laporte atzean itxi eta baloia sareetara bialdu eta gero. Gola eta gero, Valverdek aldaketak egin ditu -hiru bakarrik- eta Nico Williams lako jokalariak zelaira urten dira. Williams anai txikiak partidua bardintzeko aukera ona euki dau, baina ez dau asmatu; asmatu dauana Robert Navarro izan da, 79. minutuan. Partidua bardinketa bategaz amaituko zala zirudienean, Gorrotxategik garaipena emon deutso talde txuri-urdinari luzapenean.
Partidu garrantzitsu bi
Partidu biko astea eukiko dau Athleticek orain. Eguaztenean, Newcastle taldearen kontra jokatuko dabe zuri-gorriek Ingalaterran, Txapeldunen Ligako laugarren jardunaldian. Norgehiagoka garrantzitsua da lehen hogeita lau sailkatuen artean amaitzeko liga fase honetan. Ostean, Oviedo etorriko da San Mamesera datorren domekan. Athleticek hiru puntuak behar ditu ligan sailkapenaren goikaldera begiratzeko.