Amorebietak 0-1 irabazi eutson Burgoseri, Ander Martinen golarekin bere atean

Aurredenporaldiko hirugarren garaipena jarraian lortu eben urdinek
Urdinek Burgosen kontrako garaipena ospatzen / SD Amorebieta

Amorebietak 0-1 irabazi eutson Burgoseri, Ander Martinen golarekin bere atean, eta aurredenporaldiko hiru garaipena jarraian lortu eben. Momentuz partidu guztiak irabazi dabez, aurpegi oso ona emonda.

Urdinek X Trofeo Ciudad de Medina de Pomar irabazi eben zapatu arratsaldean Jesús María Pereda zelaian LaLiga Hypermotioneko beste talde baten aurka, Burgosen kontra. Partiduko gol bakarra lehen zatiaren erdian heldu zan, Ander Martinek baloia bere atean sartu ebanean, Ryan Edwardsen aukera baten ostean. Hiru partidu eta hiru garaipen urdinentzat aurredenporaldian.

Partiduko lehen aukerea azpimarragarria Burgoseko taldeak izan eban 12. minutuan Edu Espiauren jaurtiketa batekin, langa gainetik atera zana. Une horretatik aurrera, Haritz Mujikaren mutilek kontrolaren jabe egin ziran. Horrela, saria 23an iritsi da. Carok Edwarsen gola ekidin eban, baina aldaratzeak Ander Martinen jo eta baloia ate barruan amaitu eban. Zornotzarrek bigarren gola sartzeko zorian egon ziran atsedenaldia baino 10 minutu lehenago. Jauregik Raycoren pase bikaina harrapatu eban, baina bere erremate gurutzatua zutoinetik gertu joan zan. Lehen zatiko azken abagunea Burgosek izan eban, gutxigatik kanpora joan zan Andyren falta jaurtiketea batekin.

Bigarren zatia nahiko parekatuta hasi zan, aukerea argirik gabe. Dena dala, Burgos aurrera joan zan pixkanaka-pixkanaka eta berdinketea egiteko zorian egon zan 65ean. Magunagoitik Fer Niñoren gola sahiestu eban geldiketea polit batekin. Hori izan zan bigarren zatiko aukerarik argiena. Izan be, Haritz Mujikaren mutilek oso sendo egon ziran Burgosen erasoei eusteko. Horrela, atea hutsean mantendu eben eta garaipen barri bat eskuratu eben.

Urdinak eguaztenean jokatuko dabe Eibarren aurka Urritxen, sarrerak doanik izanda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular