AEKk antolatuta, eta Euskara gara lelopean, euskararen herria zeharkatuko dau 24. Korrikak martiaren 19tik 29ra, Atharratzetik Bilbora. Aurkezpen-ekitaldia egin dabe goizeon Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. AEKko kideakaz batera, Korrikaren bidelagunak eta Gasteizko euskalgintzako kideak be batu dira. Ostean argazki jentetsua atara dabe, euskara herritar guzti-guztiontzat aterpe ireki eta erosoa dala adierazteko.
Euskararen aldeko mobilizazinorik handiena Atharratzen hasiko da, martiaren 19an. Gero, hamar gauren eta hamaika egunen buruan, Bizkaiko uriburuan amaituko da. Bertan, lekuko barruko mezu sekretua irakurtzeaz gain, egun osoko jai-egitarauaz gozatzeko aukerea izango da. Ane Elordi Korrikako arduradunak azaldu dauanez, “euskarak danok bildu gaitzake, euskara ez baita muga bat, arnasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan daiten gura dogun heinean, kohesio sozialerako tresna be izango da”.
24. Korrikak Errigora omenduko dau. Korrikak autortza egin gura deutso euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari dan ekimen herritarrari egiten ari dan ahaleginarengaitik, eta babesa be adierazo gura deutso aurrera jarraitu dagian bultzatzeko.
24. Korrikarako petoak salgai dagoz gaurtik. Nobedadea da, aurten, gauez be ikusteko moduko petoak izango dirala. Uriburuetako Korrika dendak eta online-denda gaurtik aurrera egongo dira zabalik. Korrika doako aplikazino barritua be gaurtik aurrera egongo da eskuragarri, Android eta IOS sistema operatiboentzat. Korrikaren ibilbide osoa aurrerago emongo dabe jakiten.
Ikusi hemen Korrikaren spota.