Athleticek 0-3 galdu dau Real Madrilen kontra

Athleticek ez dau emon espero zan maila eta Real Madrilek errez irabazi dau San Mamesen
Mbappe izan da partiduko protagonistea / Athletic Club

19. jardunaldiko partidu aurreratua izan da gaurkoa, Superkopa dala eta. Levanteren kontra ondo irabazi ostean, gogotsu egoan Athletic pasa dan urteko garaipena aurten be errepikatzeko (talde zurigorriak 2-1 irabazi eutsan igaz Real Madrili), baina hasieratik ikusi da Athletic ez dala urten pasa dan zapatuko indarragaz. Lehenengo minutuetan ikusi dogu Athleticen presinoa ez zala oso gogorra, atzean sortzen diran espazioak ez zabaltzeko baina halanda guztiz be eta joko berezia erakutsi barik, Real Madrilek lortu dau espazio horreek aurkitzea.

Ernesto Valverdek baekian zelango arreta euki behar dan Mbappe moduko jokalari baten kontra jokatzen danean. Baina hori kontuan hartuta be gai izan da minutu garrantzitsuetan agertzeko. 7. minutuan lehenengo gola sartu dau jokaldi ikusgarri baten ostean, eta 42. minutuan Camavingari buruz asistentzia emon deutso. Emoitza borobiltzeko, Mbappek bere bigarren gola sartu dau 59. minutuan.

Athleticek zalantzakaz hasi dau partidua. Kostau jako zelaian ondo kokatzea eta intentzinoagaz aurrera egitea. Ordurako Real Madril aurretik egoan markagailuan. Lehenengo zatiaren erdialdean Real Madril erlajau da, eta hortik aurrera pausotxo bat aurrera emonda, Athleticek aukerak euki dauz. Guruzetak aukerea euki dau, eta minutu batzuk beranduago Berenguerrek aukera oso argia euki dau area barruan bakarrik geratu ostean, baina Courtoisek geldiketa itzela egin eta aldendu dau baloia. Atsedenaldira joan aurretik jaso dau Athleticen bigarren gola eta hor bai partidua gehiegi hoztu dala Athleticeko jokalarientzako.

Bigarren zatian Real Madrilek bere eskuan euki dau partidua. Athleticen konfidantza faltea agerikoa izan da. Mbappek areatik kanpo sartu dau bere bigarren gola, partiduko hirugarrena. Hortik aurrera Athletic saiatu da min gehiago ez jasotzen, eta batez be, hurrengo partidu garrantzitsuei begira ohikoenak diran jokalariei deskantsua emoten ahalegindu da Ernesto Valverde.

Athleticek datorren zapatuan beste partidu gogor bat jokatuko dau San Mamesen Atletico Madrilen kontra (21:00etan). Behar diran konponketak eta hobekuntzak egin, eta zapatura begiratu beharko dau Athleticek. Partidu horren ostean, hilaren 10ean, PSGek bisitauko dau San Mames Txapeldunen ligako 6. jardunaldia jokatzeko. Egutegi gogorra dauka aste honeetan Athleticek eta gogotsu lan egin beharko dau taldeak mailik onena erakusteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00