
Urtarrilaren 31n euskal musika sortzaile gazteak izango dira protagonista Amorebieta-Etxanon, MusikagazFest jaialdian. Aurtengoa laugarren edizinoa izango da eta ohiko moduan, helburua sortzaile honeen lana bultzatzea, ikusgarritasuna emotea eta gazteentzako kalidadezko aisialdi kulturala eskaintzea izango da. Horretarako, zapatuan, Amorebieta-Etxano egun osoko musika jaialdiaren eszenatoki bihurtuko da, herriko hainbat espaziotan banatuko diran kontzertu eta DJ saio ugarigaz.
MusikagazFest jaialdiaren nondik norakoak aurkeztu dabez Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko ordezkariak, Ruth Manzano Musika Bulegoko ordezkariak eta DJ Rednalek. Aurkezpenean nabarmendu dabenez, MusikagazFest musika, gazteria eta euskara batzen dauan proiektu kolektiboa izaten segiduten dau.
Egitaraua 13:30ean hasiko da Arraibi plazan, Silitia taldearen kontzertuagaz, eta egun osoan zehar musika emonaldiak izango dira herriko hainbat eszenatokitan banatuta: Andra Mari plaza, Euskal Herria plaza, Zelaieta kontzertu gela, Vintage taberna eta Amorebieta IV frontoia. Jonkass zornotzarrak eskainiko dau azken kontzertua, 23:30ean. Kontzertu guztietarako sarrera doakoa da, edukiera bete arte.
Aurten, MusikagazFest-ek app bat kaleratu dau. Bertan talde guztien deskribapena eta euren lana entzuteko aukerea dago, eta ganera, kontzertuen kokalekua ikusi, ordutegia kontsultau eta plangintza propio bat egiteko aukerea emoten dau.
MusikagazFest 2026, Amorebieta-Etxanoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gerediaga Elkartearen, Musika Bulegoaren eta Zornotzako Gazteak alkartearen arteko lankidetzagaz antolatutako ekimena da. Jaialdiaren bitartez, euskal musika sortzaile gazteen lana babestu, euskararen presentzia kultur esparruan indartu, eta musika zaleen arteko topagune bizia sortu gura da.