Bueltan da ‘Zapatuero’, Mallabiako gazteentzako jarduera programa

4 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako aisialdi-programan parte hartu gura dabenek, urtarrilaren 27ra bitartean emon leikie izena
Mallabia / Mallabiko Udala

Mallabiko Udalak barriro ekingo deutso Zapatuero programeari, herriko ume eta gazteei zuzendutako aisialdi-eskaintzari. Ekimen hau tailer, kultura eta kirol jarduera desbardinez osotuta egongo da, eta 4 eta 16 urte bitarteko ume eta gazteek parte hartu ahal izango dabe. Udaletik jakitera emon dabenez, gizarte kohesinoa sustatu, euskeraren erabilera indartu eta bardintasuna, inklusinoa, sormena, osasuna eta teknologiaren erabilera arduratsua moduko balioak bultzatzea dauka helburu.

Zapatuero programan izena emoteko epea urtarrilaren 27ra bitartean egongo da zabalik. Izen-emotea Kultur Etxean egin beharko da, goizeko 09:30etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara. Taldeak honela banatuko dira: umeak, 2016 eta 2022 urteen artean jaiotakoak; eta gazteak, 2010 eta 2015 urteen artean jaiotakoak. Taldeko bakotxeko gehieneko partaide kopurua 20 lagunekoa izango da. Jarduerak hileko azken zapatuetan egingo dira, garagarrilean eta abuztuan izan ezik. Hile horreetan ez da jarduerarik izango.

Mallabiko Udalak aisialdi alternatibo, hezitzaile eta irisgarria eskainiko deutsu herriko ume eta gazteei. Programearen hileroko maiztasunak parte-hartze ohitura egonkor bat bultzatzea ahalbidetzen dau, eta Mallabiko ume eta gazteen ongiztea eta garapen pertsonala sustatzen laguntzen dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00