Amaiera krudela Katedralean

Athleticek ez dau jokatuko Kopa txapelketako finala, Osasuna baino askoz hobea izan arren San Mamesen
Atheticeko jokalariak, lur jota kopa txapelketatik kanpo geratu ostean / Athletic Club

Athleticek ez dau jokatuko Kopako txapelketako finala. Zuri-gorriak Osasuna baino gehiago izan ziran San Mamesen jokatutako partiduan baina nagusitasun horrek ez eban islarik izan markagailuan. Lehenengo zatian kanporaketea bardintzea lortu ostean, bigarren gola sartzeko aukera garbiak euki ebazan Athleticek bigarren zatian. Valverderen jokalariek, baina, ez eben asmatu Osasunaren ate aurrean. Jagoba Arrasateren taldeak, ostera, ia ez eban jaurti Julen Agirrezabalaren atera, Athleticen menpean egon zan partidu osoan, baina garaipenaren gola sartu eban San Mamesen penalti usaina zabaltzen hasita egoanean.

Futbolak krudeltasunez jokatu eban atzo Athleticegaz. Zuri-gorriek kanporaketa irabazteko merito ugari egin eben, baina meritoek ez dabe partidurik irabazten. Golak sartu behar dira eta Athleticek bakarra sartu deutso Osasunari, final aurrekoetako kanporaketako partidu bietan. Ernesto Valverderen taldeak arazo larria dauka golak sartzeko eta gabezi horrek konponbide txarra dauka, epe laburrera behintzat.

Nabarmentzekoa da atzo San Mamesen bizi izandako giro bikaina. 51.000 mila zaletik gora -inoiz baino gehiago- batu ziran Katedralean Athletic bultzatzeko. Zoritxarrez, zaleen bultzadea ez zan nahikoa izan Osasuna kanporatu eta kopa txapelketako finala jokatzeko.

Kanporatuta geratu izana kolpe gogorra bada be, onartuezinak dira Athleticeko jokalari batzuk sare sozialetan jaso dabezan kritika krudelak. Hori ez da gure estiloa. Valverdek esan eban legez, ez dogu ahaztu behar futbola joko bat dala eta jokoetan irabazi eta galdu egiten dala. Orain eta beti, Aupa Athletic!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular