Fernando Gonzalez La Revelía jatetxeko sukaldaria aurtengo sagardo denboraldiaren aitabitxia

2025eko sagardo uzta 98.500 litro ingurukoa da Bizkaian

Amorebieta-Etxanoko Uxarte sagardotegian egin dabe Bizkaiko sagardo denboraldiaren irekiera ekitaldia. Montorra auzoan kokatuta dagoan sagardotegi honek 400 urte baino gehiagoko historia dauka. Ekitaldian Andoni Agirrebeitia Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendariak, Nora Beltran de Otalora Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako zuzendariak, Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak eta Jose Antonio Zamalloa Bizkaiko Sagardo Ekoizle eta Egileen alkarteko presidenteak hartu dabe parte; baita sektoreko ekoizleak, hornitzaileak eta bestelako eragileak be. Era berean, inaugurazino ekitaldian, Amorebieta-Etxanoko La Revelía jatetxeko sukaldaria, Fernando Gonzalez izentau da aurtengo enbaxadore. Berak emon deutso hasierea Bizkaiko txotx denboraldiari.

Gonzalezek ingurunearekiko errespetuan, ekoizleekiko hurbiltasunean, eta sasoiko eta km 0 produktuen defentsan oinarritutako proposamen gastronomikoa garatu dau La Revelía jatetxean. Oraintsu, 2025ean, bere lanak Michelin izar bat jaso eban. Enbajadore lez, Fernando Gonzalezek Bizkaiko sagardoaren izena eta balioak ordezkatu eta zabaltzeko ardurea izango dau.

2025eko sagardo uzta

Aurtengo Bizkaiko sagardoa azken urteetako onenetakoa da, bai kantidadeari jagokonez, bai kalidadeari jagokonez be. Bizkaiko Sagardogileen alkartetik bertako sagarrakaz egindako produktuaren aldeko konpromisoari eutsen deutse, eta lanean segiduten dabe bezeroei ezaugarri bereziak daukazan sagardoa eskaintzeko, baita sagardo barriak sortzeko be. Aurten 98.500 litro produzidu dira Bizkaian. Aurtengo sagardoak kolore argiagoa dauka, freskotasuna, ahoan oreka eta intentsidade aromatiko atsegina nabarmentzen dira, profil frutatsu garbi eta zehaztuakaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00