
Hile bi pasatxo falta dira Korrikaren 24. edizinoa hasi daiten. Euskararen aldeko ekimen erraldoia Atharratzetik atarako da martiaren 19an, eta hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Bilbon amaituko da, martiaren 29an, gitxi gorabehera 460 herritatik igaro ostean. 3.436 lekuko-hartze izango dira 24. Korrikan zehar, eta 2.175 kilometro izango dauz aurten ibilbideak. Beraz, inoiz baino parte hartzaileagoa aurreikusten da lasterketea. Ibilbidearen zehaztasunak KORRIKA aplikazinoan zein webgunean kontsultau daitekez. Kilometroak eskuratzeko aukera, barriz, zezeilaren 1ean zabalduko da.
Hasierea, Atharratzetik
Ohitureari jarraituz, aurreko Korrika amaitu zan lurraldean hasiko da oraingoa: Zuberoan, hain zuzen be. Aurkezpen-egunean iragarri lez, Atharratzek emongo deutso hasierea Korrikari, hainbat arrazoirengatik. Nagusia, hauxe: Korrikaren “itzalguneetako” bat da Zuberoako Basabürüa eskualdea. Izan be, Korrika ez da bertatik pasatzen, abiatzeko ez bada. Handik pasau zan lehen (eta azken) aldia 1985ean izan zan (4. Korrika); hau da, Atharratzetik abiatu zan urtean. Martiaren 19an, arratsaldeko 15:30ean hasiko da 24. Korrika.
Amaierea, Bilbon
Korrikaren beste ohitura bati jarraituz, amaierak bost uribururen artean txandakatzen dira. Baionan amaitu zan aurrekoa, eta aurtengoa, barriz, Bilbon izango da, martiaren 29an. Goizeko 07:20ak pasauta sartuko da Bizkaiko uriburuan. Eguerdian, lekuko barruko mezu sekretua irakurriko dabe, eskuz esku pasau ostean. Ondoren, egun osoko amaiera-jai handiak hartuko dauz Bilboko kaleak.
Lau egun lehenago, martiaren 25ean Ondarroatik sartuko da Korrika Bizkaiara, 20:20 aldera. Bizkaiko lurraldean egingo dauan sartu-urten horrek (danetara, hiru izango dira) 24 ordu baino gehiago iraungo dauz, eta Berriatua, Markina-Xemein, Lekeitio, Gernika-Lumo, Busturia, Mundaka, Bermeo, Bakio, Mungia, Gatika, Gorliz, Plentzia, Sopela, Getxo, Erandio, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi, Muskiz, Zalla eta Balmasedatik igaroko da, besteak beste. Hortik, hilaren 26an, gauean, Arabara bueltauko da. Hurrengo egunean, goizaldean, 04:20 aldera, parte-hartzaileek Arrankudiagatik aurrera egingo dabe Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Usansolo, Bedia, Lemoa, Igorre eta Zeanurirantz.
24. Korrikaren ibilbidearen zehaztasun guztiak webgunean eta aplikazinoan dagoz, esandako moduan. Herriz herri, kalez kale, errepidez errepide… euskara garela erakutsiko dau Korrikak hamaika egunez eta hamar gauez.